Aholkulari gazte batek hartu gintuen, hogeita hamar urte inguru, emakumezkoa eta itxura batean begiramen handikoa, hogeita bost minutuz atarian zain eduki gintuen arren.
—Frantsesez ala espainolez? —Egin zigun galde, jada bere bulegoan eserita, gure datuak ordenagailuaren pantailan ÒirÒirka zituela.
Berehala gaztelaniara lerratuko ginela uste izango zuen, eta aukera ematearren eskerrona erakutsiko geniola gainera, hemen ohiko den bezala, baina galderari beste galdera bat itzuli zion bikotekideak:
—Euskaraz?
Segundo ikaragarri luze bateko isiltasuna. Haren begiak segurtasun kameraren objektiboa baino zabalago. Halako “loteriarik” egokitu izan balitz, harrezkero agerikoa izango zatekeela jakitun, “euskaraz, zoritxarrez ez, sentitzen dut”, “amatxik bazekien baina ez zidan irakatsi”, “nahiko nuke, baina” edo tankerako errefusa kamuflatu baten zain gelditu ginen, inkontzienteki.
—Baita zera ere! —erantzun zuen azkenean, ordura arte erakutsitako politezian batere ongi ematen ez zuen tonuan.
Geroztik sarritan etorri izan zait akordura delako “baita zera ere” hura –zintzoki esanda, frantsesez esan zuen–. Ez zen arbuioa. Ezta konfiantzaren edo adiskidantzaren erakusgarria ere. Ernegazioa zirudien, txantxa merkeari erantzun beharrean sentitu eta zaputzari eutsi ezinean ari denaren espresio espontaneoa. Begirada apur bat makurtuta, poto batetik atera berri zuen luma estilografiko dotorearen goiko muturra sakatu zuen bizpahirutan, klik eta klak, klik eta klak.
Guk artean erreakzionatu gabe jarraitzen genuen –erantzun zuzena eman gabe edo gure arteko komunikazioak gaztelaniaz ala frantsesez izan behar ote zuen adierazi gabe alegia–, halako batean, ezpainetako keinu iluna irribarre estu batez faltsutzen saiatu eta berriro hitza hartu zuen arte. Airoso hitz egin zigun, agudo eta kasik kantari, guk egin nahi izan ez genuen hautuan frantsesaren alde eginda:
—Lau hizkuntza menderatzen ditut, frantsesa, portugesa, ingelesa eta gaztelania, eta egunero aritzen naiz hiruretan. Gutxi iruditzen al zaizue?!
Horra hor hemengo erdaldun gehienen egia biribila, egoera apur bat tenkatzen den bakoitzean ageriko egingo dena. Euskara ez da praktiko eta are gutxiago lanpostu baterako meritu. Euskarak euskararik ez dakitenen gutxiespenerako besterik ez du balio. Gu garelako baztertzaileak, ez haiek.
Bankuari eskatu nahi genizkionak martxan jarri zituenean, “baina nire haurrak ari dira eskolan apur bat ikasten” esanda agurtu gintuen. Horrek den-dena konponduko balu bezala.