Badaki Auschwitz suntsitze sistematikoaren sinonimo dela, juduen –eta beste hainbaten– aurkako sarraskiaren lekukotza, gizakiak gizakiari eragindako horrore gorena.
Erakusketaren balioa inor gutxik uka lezakeen arren, “garai tamalgarriotan, ordea, nork du halakoak ikusteko adorerik?”, entzun diet bi emakumeri, atarian. Zeharka begiratu diote afixari, aurrez aurre eginez gero amarruan erortzeko arriskua balute bezala. Pausoa arindu dute, aldenduko dituen bidea hartuta.
Publiko urria kontuan hartuta, zer pentsa ematen dute bi emakumeok, bai jarreraz, bai aipagai izan dutenaz edo momentuaren egokitasunaz ere. Galdera dabil airean: noiz ote diren ikusgarriago irudiok. Edo noiz ote diren jasangarriago. Pandemiaren ezinak hartuta ez gaudenerako utzi behar ote diren. Errazago erreparatzen ahal zaien gizatxarraren ondorioei barrenak goibelduta ez ditugunean, salbu sentitzen garenean. Horretara ezkero, objektiboagoak izango ote ginatekeen ala sinpleki urrunagokoak.
Noiz ikusi. Zer ikusi. Nondik begiratu. Noraino erakutsi. Nola, nori eta zer agertu. Zertarako.
"Seeing Aschwitz" erakusketa, holokaustoaren froga ez ezik, ikusteari buruzko hausnarketa ere bada. Ikusteaz ari da, bere zentzurik zabalenean. Agerrarazteaz eta desagerrarazteaz egiten da gogoeta. Frogarik utzi nahi ez izateaz eta ikusezina dokumentatu beharraz. Heriotzara zuzen doan jende-saldoaren panoramikari arretaz begiraturik, agerikoenetik harago suma litekeenaz. Begien aurrean jartzen zaigun horrek erakusten duenaz. Begiratu ez baita ezinbestean ikusi. Eta ikusi ez baita bistaratzen denarekin soilik egiten.
Ikuspuntua. Begiratu, gure begiez egiten dugu. Ikusi, kasu honetan, argazkilariaren optikatik, ezinbestean. Argazkilaria anonimoa da, ez da haren izenik inon ageri, baina bada nor. Airoso dabilela ematen du. Badu sarbide errazik, kontzentrazio-esparru osoan lasai ibiltzeko modurik, nornahi erretratatzeko baimenik, SSetako buruzagi eta goi-karguak izango badira ere.
Ikuspegia. Argazkilaria, beraz, nazien sokakoa da. Harena ez da gerra-kronikariaren erreportaje grafikoa. Harena zuriketarako edo propagandarako materiala da. Ez dago irudi gordinegirik, ez bada errausketa-labeetan desagerrarazitako biktimen jantzi, oinetako eta gainerako puskez osatutako mendiak eragiten duen hotzikara. “Kanada” deitzen omen zioten, ondasun haiez guztiez probestuko zirenen begietan lur oparo eta aukeraz betea izan zitekeelako mendi hura.
Milaka zahar, gazte eta haur bagoietatik atera eta kontzentrazio-esparrura sarrarazten dituzteneko panoramikak une ordenatu eta isila eman lezake, eta familia heldu berri baten azken otorduak, berriz, zuhaitz baten itzalpean antolatutako piknik alaia. Haurrak erdi jostetan ari dira. Gizasemeek eskuetan dute mokadua, emakumeek magalean. Haien begiradetan ez da une batetik bestera gertatuko zaienaren arrastorik sumatzen. Lasai begiratzen diote kamerari. Batek daki nola limurtu ote dituen argazkilariak, zer esan ote dien horren natural agertzeko, zer ikusten ote dioten kamerari, “postal” baterako bezala jartzeko…
Fokua zeri. Kontzentrazio-eremuko esparru guztietan egiten den lanaren garrantziari, efizientziari eta bertan diharduten funtzionarioen gizatasunari. Bortizkeria agerikoak ez du tokirik argazkien artean. Hango ofizial nazien eta haien emazteen aisialdiak, berriz, espazio zabala hartzen du argazki bilduman. “Normalak” direla erakutsi nahi zaigu. Beren “misioak” ez dituela aparteko bihurtzen. Ez bihozgabe, ez munstro, ez ero. Beharrezko dituztela adiskideak, maitaleak, edertasuna, barrea, zoriona, atsedena, harmonia ona. Gustuko dutela eguzkitan etzatea eta kontu kontari aritzea. Besteak bezalakoak direla, finean.
Hannah Arendt pentsalariak Adolf Eichmann funtzionario naziaren epaiketaz esandakoak zentzu betea hartzen du hemen ere: “Ez zuen antisemitaren ezaugarririk, ez buru-nahasmenaren arrastorik, ez eta gizatxarraren kutsurik ere. Ibilbide profesionalean aurrera egiteko asmoz jokatu zuen eta bere ekintzak goitik zetozkion aginduak betetzearen ondorio izan ziren. Burokrata bat besterik ez zen, bere lana efizientziaz eta ardura handiz betetzen zuena, “ongiaren” edo “gaizkiaren” mesedetan ari ote zen pentsatu gabe”.
Markoa. Irudi-sortaren aurrean jarrita, hamaika hipotesi egin litezke lanaren helburuaz. Bertsio ofizial baterako material grafikoa izan zitekeen, han benetan gertatutakoaren froga fisikorik izango ez zenerako sortua, eta kontaera aseptiko baten lagungarri.
Baina bertsio ofizialak garaileek idazten dituzte, edo indarrean daudenek. Bakarra balitz bezala transmitituko den kontaera –errelatoa– nagusi direnena da beti. Gaur ez bezalako zuriketa izango zukeen Auschwitzek, naziek Bigarren Mundu Gerra irabazi izan balute, eta juduei, judu gisa, lur promestua baino gehiago, Israel izeneko mundu-potentzia eratzeko ahalak eman izan ez balitzaizkie.
Auschwitz, agian, gerrako pasarte ilun samar bat besterik ez zatekeen izango. Geroztik hainbat belaunaldi joan direnez gero, agian, lekuaren izenik ere ez genukeen ezagutuko gaur, eta erakusketan bildu den argazki-sorta horrek, erakusketa izatera iritsiko balitz, ez zukeen izu berezirik eragingo, iradokitze hutsez. Kasurik onenean Hiroshima eta Nagasakiko sarraskia gogoratzen den moduan gogoratuko genuke Auschwitz-Birkenau: teorizazio handirik gabe, “gaizkiaren” eta “ongiaren” gaineko hausnarketa kritikorik gabe.
Gailentzeak ematen du arrazoia, ez etikak. Bonba atomikoak milaka zibil japoniarren gainean leherrarazi zituen hegazkin-gidariari horregatik zitzaion zilegi heroiaren pare agertzea. Horregatik esan zezakeen publikoki, tente eta harro, ez zuela damurik, lasai ederrean egiten zuela lo, eta berriz ere egingo zukeela, bere aberriak hala eskatuko balio.
Auschwitz ikusteak gaizkiaren hutsalkeriaz mintzatzeko balio beharko luke, eta etika garailearen logikatik askatzen, hemen, han, eta testuinguru guztietan.
Eskualdekoak protagonista
Bruno Ballorca Gomez andoaindarrak bi urte egin zituen Alemaniako kontzentrazio esparruan, sobietarrek desegin zuten arte. Nazien Kontzentrazio eremuetan egondako Amasa-Villabonako herritarrak bederatzi izan ziren: Adolfo Lozano Olazabal, 1936ko Gerra Zibilean Errepublikaren aldeko armadako tenientea eta Saint Cyprien, Gurs, Treves, Mauthausen eta Gurseko esparruetan preso izan zuten. Gursen erail zuten; Alberto Beaufort Barrengedo, 59544 zenbakidun presoa eta amerikarrek askatu zutena; Juan Peña Villarreal, Gursen 5429 zenbakidun presoa eta Gernika Berri batailoiko kidea; Martin Gonzalez, 5563 zenbakidun presoa eta Gernika Berri batailoiko kidea; Angel Garcia Etxarren, 5358 zenbakidun presoa eta Gernika Berri bataloiko kidea; Hilario Gracia Ilardia 3304 zenbakidun presoa eta UGTko kidea; Jose Telletxea Laskurain, 942 zenbakidun presoa eta UGT sindikatuko kidea; Alejo Ramos Arrate, Gursera eraman zuten eta 1939 abuztuaren 1ean libre geratu zen; Jose Ignacio Garmendia Urkola, Gurs-era eraman zuten eta 1939ko abuztuaren 28an libre geratu zen.