B
aditugu, guardia zibilak, ertzainak, polizia foralak eta tokian tokiko udaltzainak. Horiek gutxi balira, gainera, segurtasun zaindari pribatuak. Ez ditzagun ahantz bateko eta besteko indar militarrak, Bardeetan ez isilka baina bai misilka jolasean aritzen diren horiek, edota uda betean Hendaiako hondartzan jarri eta atzerriko legioan izena emango duen biktimaren peskizan aritzen diren beste haiek ere.
Hain da zabala aukera, ezen, ofizialki “muga” deitzen diegun baina egiazki zauri esan beharko geniekeen arrakaletan gora eta behera bizi garenok ia gama osoa aurkitzen baitugu egunik buruzurienean ere.
Izurrite garaiotan, dena debeku eta hesi izanik, eta era berean dena uste eta susmo, inork ez daki zein lege gailenduko zaion eta zein poliziak nahiko dizkion gorriak ikusarazi, zortea tentatzen hasiz gero. Batzuek diote mugakideok eskumen osoa dugula Bidasoaz batera eta bestera ibiltzeko, eta ez lanerako denean soilik, 30 kilometroko tartea gainditzen ez badugu. Baina ba ote du zentzurik horrek, lurraldeak perimetroan itxi edota zona gorri izendatzen direnean? Gipuzkoarrak ezin du Gipuzkoatik atera edo sartu baina lasai jo lezake Lapurdira mugakide delako? Irun zona gorrian balego, irundarrek ezingo lukete hiritik atera, ezta, demagun, errenteriarrei edo beratarrei sartzen utzi, baina hendaiarrek libre lukete, Macronen agindua gogoan, etxetik 10 kilometroko radioan daudelako?
Zenbat bider iristen zaidan belarrietara, isunen berri. Beti dira lauso eta txutxu-mutxu. Aurrekoan, Hendaiako supermerkatu handienean, emakume bat kexan ari zitzaion beste bati, esanez, “ez daukagu Espainiara joaterik” –irakur bedi Irungo Alcampora edo Mercadonara–, eta nabarmenduz, bi emakumeon adiskide izango litzatekeen hirugarren bati egundoko isuna, “baina benetan alimalekoa”, erori zitzaiola horregatik. “Non jarria, ordea!?”, galdegin zion besteak, Santio zubiko kontroletako batean izan ote zen jakin nahian (frantsesena, espainol nazionalena eta guardia zibilena, hirurak batera sarri-sarri aurkitu izan ditugunez), ala ertzainek gelditu ote zuten kalean. Andere kontalariak ez zuen erantzuten jakin. Dena den, galdera horren bidez beste inkognita bat argitu nahian ari zela otu zitzaidan: egiazki zeinek ote duen osasun larrialdiaren izenean halako zaflako ekonomikoak emateko eskumena, eta zein den polizia bakoitzaren rola, kilometro eskasean denak batera paratu, errepidea hainbat tokitan hesitu, eta pandemia kontrolatzeko neurri profilaktikoa baino gehiago, arma, pibote eta uniforme feria dirudienean.
Covidarena konponduko da halako batean, baina haiek, tamalez, hor jarraituko dute.