F
ranÁois Vaillancourt jaunak –Montreralgo unibertsitatean irakasle– kontu interesgarri ugari esan zituen, Kanadan frantsesaren alde aplikatzen diren neurri eta adibideez ongi ilustratuta –interesa duenak Euskaltzaindiaren webgunean aurki lezake bideoa–, baita publikoari galdera harrigarri bat luzatu ere, bere atarikoan.
Hitzaldia baino lehen euskararen egoeraz eta Euskal Herriko eremu administratiboetan aplikatzen diren hizkuntza politikez, harremanez eta bestez aritu zen han eta hemen dokumentatzen, ezagun zuen jakin-mina, eta hortik heldu zen nik neure buruari artean sekula pausatu ez nion galdera: noraino nahi ote genukeen euskara hedatu. Hizkuntzaren berreskurapenaz arduratuta daudenen / gaudenon helburua esparru guztietara heltzea eta %100 ezartzea ote zen. Hala balitz, euskaldunok erabat euskaraz bizitzeko politiken bila bagenbiltza, oker geundekeela esatea besterik ez zitzaion falta hizkuntzalari kanadarrari. “Kostu ikaragarria izateaz gainera –haren hitzetan, eta Quebecekiko paralelismoa eginez –, ez litzatekeelako nahita ere lortuko, ez bederen epe errealetan”, eta bestalde, haien kasuan betiere, nahi ez luketen ondorioa ekarriko lukeelako. Alegia, ingelesaren galera.
Aipatu zuen, hizkuntza gutxituen eta arlo sozioekonomikoaren gaineko jardunaldi batean ari zenez, bere aitak, ofizioz dendaria, oso ongi bereizten zituela saltzailearen eta bezeroaren rolak, eta saltzaile gisa ez zuela eragozpenik izaten ingelesez zuzentzen zitzaionari zerbitzua hizkuntza horretan emateko. Baina saltzaile gisa ez bezala, bezero gisa besteen dendetara joaten zenean, eskubide osoa sentitzen zuela frantsesez egin ziezaioten eskatzeko, eta hala gertatzen ez zenean, alde egiten zuela dendatik.
Hizkuntza gutxituen berreskurapenaz ari garenean sarritan aipatzen da Quebec. Etsenplu da politika positiboak ezarri nahi dituztenentzat, baina ekar dezagun gogora frantsesa ez dela bere horretan hizkuntza urritua eta are gutxiago hango hizkuntza endemikoa. Frantsesa hegemonikoa (eta neurri handian inposatua) da, hegemonikoenaren alboan gutxietsia sentituko bada ere.
Kanadako lurralde zabal batean (tartean Quebec) inuiten aurkako arrazakeria eta bazterkeria sistematikoak dira. Beti izan dut irrika, eta bereziki egunotan, nazioarteko prentsan inuiten aurkako kapitulu berri bat argitara eman denean, jakiteko, zer egiten ote duten frantsesaren aldekoek kultur genozidio horren aurrean. Zer egingo ote lukeen FranÁois Vaillancourt unibertsitateko irakasle eta hizkuntza politiketan adituak, eta zer eramango ote zukeen praktikara haren aitak, bere dendan inuitak sartu eta haien hizkuntzan eginez gero.