Eguzki, Ekologistak Martxan edo Greenpeace talde ekologistak, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak, Ulia eta Gros auzoko (Hondarpe) bizilagunen elkarteak , Groseko Indarra surf elkartea, Zurriolan egoitza duena, itsasoarekin harreman estua duten kirolariak, Juanmari Etxabe eta Igor Makatzaga entrenatzaileak, Sarai Lizaso eta Iñaki Errasti arraunlariak, Axi Muniai Olatu erraldoien surfista, kulturako eragileak, Kristiñe Solano (Amak), Andoni Bastarria (eskultorea) edo Gorka Otxoa aktorea, unibertistateko irakasleak Peio Lozano biologoa bezala, herritarrak, ikasleak…, horiek denek babestu dute gaur Saguesen dagoen Nestor Basterretxearen Pakearen Uxoaren eskulturaren ondoan GURASOSk azaroaren 27an Zurriola eta oriako urak erraustegiak sortzen ari den kutsadura larritik babesteko “gizartearen babes-arresia” eraikitzeko egin duen deialdiaren aurkezpena.
Mobilizazioaren leloa “Orain Bai, Gelditu! Diálogo Solución” izango da eta Zubietako erraustegia lehenbaitlehen gelditzea eskatuko du. GuraSOS elkarteak hemendik 27ra arte atxekipen gehiago lortzeko kanpaina abiatuko duela esan du eta Hezkuntza arloan eztabaida pizteko proposamena luzatuko duela. Halaber, itsasoaren baldintzak ahalbideratzen badute, egun berean ekitaldi sinbolikoa itsasoan bertan antolatzeko asmoa adierazi du.
Hau da agerraldian irakurritako testu osoa:
Kezkatuta. Gipuzkoako gizartearen gehiengo zabala hasieratik egon da kezkatuta, egin behar zuten erraustegiarekin. Horrela baieztatu zuen, agintariek eskatuta Biodonostia-EHU eta Osasun Sailak 2017an egindako ikerketa batek. Erraustegia egitearen alde zein aurka, gipuzkoarrok bat etorri gara gauza batean: Osasuna eta ingurumenerako bermeak behar ziren.
Horren jabe, agintariek hitza eman zuten erraustegia egin aurretik:
- Airera isurtzen diren zabor kutsatzaileen muga gaindituz gero, sistema automatiko bat izango zela hondakinen erretzea gelditzeko.
- Kutsadura parametroak betetzen ez baziren, erraustegia gelditu egingoko zutela, eta arazoa konpondu arte ez zutela berriro martxan jarriko.
Erraustegia egin zen. Abian da duela bi urtetatik, eta orain arte kezka zirenak, errealitate gordin bihurtu dira: Suteak noiznahi; eraldagailu nagusia erre egin dute eta berria ekarri behar izan dute; arazoak dituzte labeetan; arazoak elektrizitatea ekoizteko (aurrikusitakoaren heren bat sortzea lortu dute soilik) eta, okerrena, arazoak kutsadurarekin. Jakin izan dugu ez dutela labea eteteko sistema automatikorik jarri kutsadura antzematen denerako; lixibiatuen filtrazio handia dago prozesu-uren sistema itxiak huts egin duelako; Arkaitzerrekan hainbat isurketa larri izan da, amonioarekin, lixibiatuekin …. Inguruko lurretan maila handiko kutsadura agertu da fenolekin, hidrokarburoekin; lur azpiko uretan dioxinak eta furanoak azaldu dira(kutsadura larriaren maila 62 aldiz gainditu arteraino), metal astunak (cobrea, zink, nikel…), amonioa, kloruroak… Aireko isurketek ere dozenaka aldiz gainditu dute gehieneko maila.
Kutsadura hau guztia Oria ibaira doa. Aurreko astean jakin dugu baimena eskatu dutela URA ur ajentzian obra hidrauliko bat egiteko, emari toxikoa Añarbeko hondakin-uren sarera bidali ahal izateko, Monpas-Sagües aldean, Zurriolako hondartza inguruan, isurtzeko asmoz.
Hemen, zuen aurrean, gizartearen ordezkaritza zabala gaude: Itsasoan bakoitzak bere kirola jorratzen duten arraunlariak eta surflariak, kultur eragileak, auzo elkarteak, talde ekologistak, sindikatuak, ikasle elkarteak, herritar oro, gertatzen ari denarekin OSO KEZKATUTA gaudela adierazteko.
Errealitate gordin honi ezin zaio muzin egin. Zerbait egin behar dugu, beste egoera bat aldarrikatzeko. Natura, ibaiak, itsasoa, airea babestu behar ditugu. Osasuna babestu beharra daukagu.
GELDITU erraustegia, kutsadura arazo larri hauen jatorria identifikatu eta konpondu arte; erraustegiaren funtzionamendu okerra aztertu eta konpondu izanaren bermeak izan arte.
Kontrol demokratiko zorrotza, gaur egun ez dagoena, behar du erraustegi horrek. Agintariek, emandako hitza bete behar dutela aldarrikatu beharra daukagu. Dei egiten diogu, gizarte zabalari, denon artean babes-arresi sendo eta garaiezina eraikitzeko, Zurriolako inguru paregabean hau guztia irudikatzeko, azaroaren 27an, igandean, eguerdiko 12:00etan, Kursaaletik Sagües arteko tartean oinkari jardun eta aldarri ozenaren oiartzuna lau haizetan entzun arazteko.