Hautetsontzi hauek eman digute aukera etorkizuna irudikatzeko, zer nahi dugun eta nola erabaki nahi dugun jabetzeko, urteetan aurpegira begiratu ez diogunari eskua emateko, elkarrekin ahalduntzeko, ikasteko, gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektiboak geureganatzeko, demokrazian sakontzeko, gugan sinesteko... Hori guztia eta gehiago eman digute hautetsontzi hauek.
Hautetsontziotan gizartearen %100ak du lekua. Gurea herri guztiarentzako proposamena baita; ez dugu behin ere inor alboan utzi. Orain arte 218.248 herritarrok hartu dugu parte galdeketetan, eta emaitza horretaz harro bagaude ere, oinarria zabaltzen jarraituko dugu; Euskal Herriko lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, erreferendum bidez, normaltasunez, libre eta demokratikoki, eta berme guztiekin. Orain arte 208 herri argiztatzeko gai izan gara, eta hemendik aurrera, Euskal Herri osoa argiztatzea dugu helburu.
Erabakitzeko baldintzak sortzen ari gara. Galdeketen bidez ereindako lurrak eman ditu bere fruituak, eta eman digu herritarroi konfiantza, indarra eta determinazioa bide berean jarraitzeko. Galdeketen bidez lortutako horretan sakontzeko garaia da orain. Lur bera, lur emankor hori bera ereiten jarraitzeko garaia da; oraindik ere, asko baitu emateko.
Etapa berri bati ekitera goaz. Eta fase berri horren nondik norakoak aditzera emateko ekitaldi berezi bat antolatzen ari da Gure Esku Dago. Martxoaren 31n Bilboko Euskalduna Jauregiko auditorio nagusian izango da, eguerdiko 12:00etan. Bost urteko zikloa borobildu, eta urrats berriak egiteko abiapuntua izango da. Heldu zein gazte, emakume, gizon ala beste, bateko zein besteko, guzti-guztiak gonbidatuta zaudete hitzordu honetara. Izena emateko aukera zabalik dago jada Gure Esku Dagoren webgunean.
Ezer ez dagoenean ziur, dena da posible. Orain da unea. Herritarron unea. Eragiteko garaia. Etorkizuna gure eskuetan sentitzen dugulako, prest gaude erabakira iritsi arte lanean jarraitzeko, lurra ereiten segitzeko. Bost urte ez baitira alferrik igaro.netarako jaio ginen. Egin dezagun bidea.