Hamaika Gara ekimenaren lehen mugarria izango da urriaren 31n eskainiko den ekitaldi politiko eta kulturala. Arratsaldeko seietan da eta bi eratara ikusi ahalko da: hamaikagara.eus webgunean streaming bidez eta Euskal Herri osoko herri askotan antolatuko ditugun zuzeneko proiekzioetan. Osasun krisia dela eta, ezin gara jendetza elkartu toki berean, baina emanaldiak herriz herri antolatuz eta segurtasun neurriak fin hartuta, saioaz herrikideekin batera gozatzeko aukera izango dugu, une berean, Euskal Herri osoan zehar.
Emanaldia Durangoko Plateruenatik eskainiko da, eta eskerrak eman nahi dizkiegu antzokiko kideei ateak ixtear dauden honetan gure mezua bertatik zabaltzeko aukera eman izanagatik. Altxa! izenpetu dugu ikuskizuna, Hamaika Gara ekimenaren leloari —‘Altxa, sinatu, erabaki’— erreferentzia eginez.
Bulkada berria eman nahi diogu ekimenari, eta sustatzaile garen eragileokin batera, hainbat kulturgilek parte hartuko dute ekitaldian: Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak, eta Eñaut Elorrieta eta Dupla taldeko musikariek. Amancay Gaztañaga da zuzendaria eta Gotzon Barandiaran gidoilaria. Nola iritsi garen honaino edo bihar nor izan nahi dugun bezalako galdera handiei erantzun poetiko bat emango diete.
Tolosaldeko hitzorduak
Tolosan, Villabonan, Lizartzan eta Orexan eskainiko da ekitaldiaren zuzeneko proiekzioa, eta Euskal Herriko gainerako herri denetan bezala, 5€-ko prezioa izango du ikuskizunaren sarrerak eta banatuko den eskumuturrekoak. Tolosaren kasuan, erreserbak aldez aurretik egin beharko dira entradas.cittolosa.com webgunean; nahiz eta sarrera egunean bertan ordainduko den.
Hauexek hitzorduak:
- Tolosa -> Topic 18:00
- Villabona -> Gurea zinema 17:00
- Lizartza -> Zimitorioa 18:00
- Orexa -> Udaletxeko ganbara 18:00