Hamaika Garak zabaldutako prentsa oharra:
Zailtasunen aurrean altxatzea
Hamaika Gara ekimenaren sustatzaileek 'Altxa!' izenpetu duten ikuskizuna eta ekitaldi politikoa eskainiko dute larunbatean Internet bidez eta hainbat herritan antolatu dituzten proiekzioetan ikusi ahalko da.
Eragile sustatzaileek, nazioarteko erreferentziazko pertsonek eta hainbat kulturgilek parte hartuko dute ekitaldian: Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak, eta Eñaut Elorrieta, Ruben Caballero eta Dupla taldeko musikariek.
Hamaika Gara ekimenaren lehen mugarria jarriko dute Gure Eskuk eta harekin batera egitasmoaren sustatzaile diren beste 23 eragileek larunbatean, 18:00etan. Ekitaldi politko eta kultural berezia prestatzen ari dira, 'Altxa!' izenpean. Ikuslerik gabe grabatuko dute, Plateruena Kafe Antzokian eta www.hamaikagara.eus webgunean egongo da ikusgai. Sarrera larunbatean eskuratu ahalko da, webgunean bertan, 3 eurotan. Internet bidezko eskaintzaz gain, hainbat herritan proiekzioak antolatu dituzte, segurtasun neurri guztak zorrotz betez, ekitaldia herrikideekin ikusteko aukera emate aldera.
40 minutu inguruko ikuskizunarekin hasiko da saioa. Azken hamarkadetan zehar bidaia bat proposatzen du Gotzon Barandiaran gidoilariak, euskaldunon erreferente kulturalak ardatz hartuta: “Gure herria etengabe egon izan da mugimenduan; behin eta berriz asmatu eta berrasmatu dugu nola egin aurrera”. Amancay Gaztañaga zuzendariak azaldu duenez, transmitu nahi izan dute herri gisa “nondik gatozen, nora goazen, bide horretan zer ebaki behar izan dugun, eta nola eraiki genezakeen etorkizun berri bat atzean utzitakoa galdu gabe”. Gaztañagak azpimarratu du ikuskizuna espreski Altxa! ekitaldirako sortu dutela, ikusleek streaming bidez jarraituko dutela aintzat hartuz. Oholtza gainean ariko dira Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreak, Amets Arzallus bertsolaria, eta Eñaut Elorrieta eta Ruben Caballero musikariak.
Ikuskizunaren ondoren, Hamaika Gararen sustatzaileek hitzartze politko bateratua egingo dute, hainbat ahotsetara, ekimena batzen ari den herritar eta eragileen aniztasuna ordezkatuz. Ekimenaren helburuak zehaztu eta gizarteari erronka botako diote. Gainera, nazioarteko erreferentziazko pertsonen mezuak ere ikusi ahalko dira. Saioa borobiltzeko, Dupla musika taldeak duela bi aste estreinatu eta milaka ikustaldi izan dituen 'Hamaika Gara' abestia eskainiko du.
Altxatzeko unea
Gure Eskuren iritziz, osasun krisiaren ondorioz bizi dugun egoera latzaren aurrean, herritarrok ezin gara etsipenean erori, ezin dugu zer gertatuko zain geratu; altxa egin behar gara. Orain, inoiz baino gehiago, komunitatearen indarrean sinetsi behar dugu, elkarri eskua eman behar diogu eta eskubide eta askatasun kolektboak babestu eta zabaltzearen alde ekin. Altxa! ekitaldiaren bidez, herritarrak aktibatu eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketari bultzada handi bat emateko asmoa dute Hamaika Gararen sustatzaileek.
Hamaika Gara ekimenaren lehen mugarriaizango da, eta larunbatean emitituko da, 18:00etan, www.hamaikagara.eus