Zubimusu zubiari bertsoak

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Mujika 2016ko abe. 16a, 01:00

Zubimusu zubia berritze lanengatik itxita egon den ia urtebeteari begira, ondoko bertsoak idatzi ditu Haritz Mujikak. Itxierak sortu dituen traben gainean umorea ekarriz.

Harituz bertsozaleen elkarteak, bertso jarrien afaria antolatu zuen Zizurkilen abenduaren 3an. Afalostean, Otaño bertso-paper lehiaketako sariak banatzeaz gain, bertso jarriak abestu zituzten Harituzeko hainbat partaidek bertan. Tartean, Haritz Mujika asteasuarrak, joan zen urtarrilaren 17an berritze eta egokitze lanak egiteko itxi zuten Zubimusu zubiari jarritako bertsoak abestu zituen, harrera bikaina izan zuten hauexek:

1-
Eraikin batek gorde dezake
hainbeste jakinduria,
Manhattan, Brooklyn edo Golden Gate...
ze edertasun isuria.
Bosnian aldiz, Stari Most da
bakearen irudia,
ta Puerto Ricon ferrokarrilen
bide da Zubi Zuria.
Leku ta histori adina zubi
ospetsu ditugu ia,
ta azken aldian ospetsuena
Villabonako zubia.

2-
Egin beharreko lanak zein ziren
URAkek zihoen lehenik
ta enpresa batek gero esan zuen
“hori egingo nuke nik”.
Baina geroztik ez dute egin
zutabe ta lan zuzenik,
sei hilabete burua hausten
euren onetik irtenik…
Nahiz izan zubi historikoa
eta baduen izenik,
ez nuen uste hainbeste istori
ibiliko zituztenik.
3-
Planoak txukun egin asmotan
elkartu ziren lau gizen,
esperientzia ta fama hartuak
Londresen eta Parisen...
Nahiago ditut gaur ez aipatu
euren izen ta abizen
baina ospe hori nondik atera
duten ez dut entenditzen.
Kotxeak larri ta autobusa
ez da zubian kabitzen.
Bueno, normala, jende hori ez da
autobusean ibiltzen.
4-
Estilo berri, abangoardista,
irregular, inplizitu...
baina gure arte jakintzarekin
gehiegi ezin luzitu.
Lau raia egin ta aberastu,
badute nahiko meritu...
Baina herritarrez urte erdian
ez da inortxo kupitu.
Maiz umorea txartu digute
ta pazientzia akitu.
Nahiago nuen denak ibaiak
eraman izan balitu.
5-
Ta igeltseroak ez daude libre
beste guztien antzeko,
nahiko zeresan eman baitute
bertsoak ateratzeko.
Bi gizon heldu andaluz eta
bi euskaldun hogei urteko,
bakoitza bere tresna, ohitura,
teknika hobe usteko...
Bi egunez behin soilik mintzatzen
zirenak; diskutitzeko.
Inor hoberik ez al zegoen
zubigintzan aritzeko?


6-
Obrei begira egon ondoren
mila zahar ta ehun saltsera
ta eman ondoren jubilatuei
dibertitzeko aukera,
Zubia dago herdoilak jota
iltze zaharren antzera,
behingoagatik jarri diote
oparitako papera...
Baina hau al da ezerk berritan
izan behar dun tankera?
Bukatzen zenbat kostatu zaien
hortik kontuak atera.

7-
Pala, pikatxoi, mailu, paleta,
karretilla, masadora...
mahoizko galtzak, peto horia
ta koadrodun alkandora...
Ikusirikan askok lanean
ipini duen ganora
hemen egiten kosta zaiena
urte erditikan gora
ibaia hazi ta ura litroka
ateratzean kanpora
ordu bete edo gutxiagoan
Donostin azalduko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!