Borondate kontua da

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Mujika 2016ko ira. 1a, 02:00

Bada baporea, elektrizitatea eta energia atomikoa baino ahaltsuagoa den indar eragile bat: borondatea”. Halaxe esan zuen behin Albert Einstein zientzialariak, eta ehun urte geroago esaldiak ez du oraindik ez zentzurik, ez arrazoirik galdu.

Borondatea behar omen da argaltzeko, borondatea hitzorduetara puntual iristeko, nobela bat irakurtzeko, autoa ez gaizki aparkatzeko, otordu bat egin ostean ontziak garbitzeko… denerako behar omen da borondatea. Baina, zer da borondatea? Non ote dago? Edo nondik atera ote liteke?
Nik neuk ere ez dakit galdera guzti horiei erantzuten baina borondatea izatearen edo ez izatearen artean dagoen aldea, gure desioak gauzatzearen edo haizeak eraman ditzan uztearen artean dagoen aldea dela esango nuke. Bestela, zergatik jende batek bere desioak betearazten ditu, eta beste jende batek ez? Zergatik batzuk urte berri egunean euren buruari jarritako erronka gainditzen dute eta beste batzuk ez?

Gazte asko entzuten ditut gaitasunaz hizketan, gaitasunaz eta suerteaz. “Nik ere egingo nuke Behobia 1:20an horrek daukan gaitasuna baneuka”, “ikasketak bukatu orduko lanean hasi da kabroi hori, horrelakoek bai suertea”. Baina inork gutxik aipatzen du borondatea. Nonbait ez dira ohartu gaitasuna eta suertea alfer-alferrik direla borondaterik ez dagoenean. Eta orain akaso norbaitek esango dit hori guztia egiteko denbora librea izatea behar-beharrezkoa dela, egunak 24 ordu bakarrik dauzkala, beste konpromiso batzuei ere aurre egin behar zaiela… eta arrazoi emango diot. Nik ere badauzkat nire konpromiso eta betebeharrak. Baina nahi izatea borondateaz lagunduta baldin badoa, ahal izatea da.

Egunak  24 ordu dauzka. Denontzat. Eguna etxeko sofan etzanda pasatzen duenarentzat eta 8 orduz lanean aritzen denarentzat. Arratsaldean tabernako terrazan zurito bat hartuz eta zigarro bat errez egoten denarentzat eta mendira joateko ohitura duenarentzat. Batzuk lau seme-alaba edukiagatik, spinningera joateko tartea ateratzen dute, umeei etxeko lanak egiten laguntzekoa, gitarra jotzen ikastekoa eta noizean behin bikotearekin zinera joatekoa ere bai. Beste batzuk bitartean, etxeko mueble guztiak hautsez estalita nola dauden begira egongo dira, esku batean telebistako mandoa eta bestean smartphonea hartuta. Eta ohera doazenean euren buruari “ez daukat ezertarako denborarik” esango diote, kontzientziak lasai lo egiten utz diezaien. Borondate kontua da.

Baina hori bai, gogoan izan, batzuetan, norbere borondatea soilik ez dela nahikoa nahi dena lortzeko, eta desio dugun pertsonaren borondatea –edo borondate eza– ere, gurea bezain errespetagarria dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!