Amari esango diot

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Mujika 2016ko api. 26a, 02:00

Duela bi aste, orain dela hamahiru urte ikasle zen lagun baten agendan honako hauxe topatu nuen idatzita:  

2003ko martxoaren 17a, astelehena:
 

Gaur goizean, lehenengo orduan, matematikako ikasgaia geneukan. Joseba 8:30erako irakaslearen mahaian eserita zegoen. Gelara sartu orduko motxilatik liburua eta kartapazioa atera eta lanerako behar genuen guztia prest jarri dugu. “Ea, atera itzazue gaurko egin beharreko etxerako lanak. 78. orrialdeko 3 eta 5 ariketak. Hasi Julen, 3. ariketa zuzentzen”. Julenek ederki egin du dena, etxetik egina ekarri baitu. Jarraian 5. ariketa zuzentzeko momentua iritsi da. 

- Animo Pello, ea ondo egin duzun, - esan dio irakasleak. 

- Joseba, ahaztu egin zait ariketak egitea, - esan dio burumakur. 

- Nola? Ez dituzula ariketak egin? - erantzun dio. 

- Ostiralean ahaztu egin zitzaidan agendan apuntatzea eta asteburua lehengusuen etxean pasa dut gainera, - arrazoitu nahi izan du Pellok. 

- Niri ez etorri orain zure penak kontatzen, asteburu osoa izan duzu bi lan ziztrin hauek egiteko eta hori ere ez duzu egin!

- Baina Joseba…

- Ez baina eta ez baino. Biharko eginda nahi ditut, eta zure amari esango diot gainera etxerako lanak egin gabe ekarri dituzula!

Hortxe bukatu da kontua. Josebak Leireri ariketa zuzentzeko eskatu dio. Pellok begiak gorrituta agenda mahaira atera eta biharko egin beharreko etxerako lanak zein diren apuntatu du.

Gaur arratsaldean, 2. DBHn dagoen lagun bati agenda uzteko eskatu diot jakinminez. Honako hau irakurri dut:

2016ko apirilaren 7a, asteazkena:

Gaur goizean, jolasgaraiaren ondoren, Mertxerekin geneukan klasea. Euskara ikasgaia. Ez dakit zertarako daukagun euskarako ikasgaia, euskaraz irakasleak baino hobeto dakigu eta! Gainera eguraldi ederra egiten zuen jolasgaraian, eta handik klasera 10 minutu berandu iritsi garelako bronka bota ez digu ba atso zikin horrek! Nor uste du dela guri ahotsa altxatzeko? Errea da gero! Eta hori gutxi balitz, etxerako lanak zuzentzen hasteko esan digu.

- Unai, hasi hirugarren ariketa zuzentzen.

- Egin gabe daukat, – erantzun bikaina eman dio Unaik!

- Zergatik daukazu egin gabe?

- Hau baino gauza inportanteagoak neuzkan egiteko, – egia da eta!

- Bueno Unai, nahikoa da. Nazka-nazka eginda nago zurekin eta zigortu egingo zaitut!

- Zigortu ni? Hobe duzu. Amari esango diot.

Hortxe bukatu da kontua. Mertxek buelta erdia eman du eta arbelean ia inork egin ez dituen ariketak egiten jarraitu du. Unai ondokoari asteburuan zer egingo duen kontatzen hasi zaio. Unai bai makina, ederki egin dio atso zahar horri. Ea behingoz bakean uzten gaituen! 

Zerbait gaizki egiten ari gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!