Gipuzkoako bertsolari txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Mujika 2016ko ots. 2a, 01:00

Gutxi falta da Gipuzkoako bertsolari txapelketa hasteko. Gutxiegi batzuentzat. Lehenengo agurra pentsatzen hasita daude batzuk. Beste batzuk, erdi bat-batean asmatuko dute. Bezperan egingo duenik ere izango da... denetik egoten da han ere.

Maiatzaren 9an, goizeko 11:30ean, Astigarragan hasiko da Gipuzkoako bertsolari txapelketako lehen fasea eta ekainaren 6an bukatu. Ataunen. Zozketan hala tokatuta, lehenengo saioan abestuko dut nik, beste zazpi bertsolarirekin batera. Hau da, bihar bertan.

Harituz bertsozale taldeak ez du aurtengo honetan ordezkari faltarik izango. Bertsozale taldeko bederatzi bertsolari ariko gara kantuan. Mikel Artola eta Imanol Irazustabarrena alegiarrak, Txomin Azpiroz anoetarra, Iñigo Gorostartzu berastegiarra, Adur Gorostidi abaltzisketarra, Unai Mendizabal zizurkildarra, Beñat eta Oihana Iguaran amasarrak eta ni neu, Haritz Mujika asteasuarra.

Gehienontzat lehenengo txapelketa izango da, beste batzuentzat ordea, bigarrena eta bat edo besterentzat hirugarrena ere bai. Ahaztu gabe aipatu beharrekoa da bailarako Jexux Mari Irazuren parte hartzea. 1995ean sailkatu zen lehenengo aldiz Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalera, eta geroztik final guztietan izan da larrauldarra. Hogei urteko ziklo hau ixteko modu polita litzateke txapela preziatua janztea. Poz ederra hartuko luke bertsozaleak.

Aitor Mendiluzek hala esan zigun orain hilabete batzuk egindako afari batean: “besteei lana ematekotan, norberak lana hartu behar dik aurrena”. Ez zuen arrazoi faltarik! Oholtza gainean besteak menderatzea baino garrantzitsuagoa da nork bere burua menderatzea. Kontrolatzea. “Han egotea”.

Mendiluzeren esanei jaramon eginez, bertso eskola asko egin ditugu azken aldi honetan. Astean bizpahiru aldiz behintzat elkartu gara. Bateko Alegin, besteko Zizurkilen, Amasan... ez zaigu gogorik eta lekurik falta izan! Lau edo bost lagun elkartu izan gara gehienetan, nahiz eta sei edo zazpi elkartu garen bertso eskolaren bat edo beste izan.

Antzekotasunak bilatzen hasita, korrikalarien entrenamenduekin aldera daiteke bertsolariena: ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta gehien egitea da helburua. Korrikalariek kilometro bakoitzean egindako denborari segundoak nondik kendu ibiltzen dira: 5’01’’, 4’57’’, 4’58’’, 5’02’’... bertsolariok bertsoa hasi aurreko isilunea ahalik eta laburrena izan dadin saiatzen gara: 20’’, 16’’, 15’’, 12’’...
Ea txapelketan ere bertsoen aurreko isilunea laburra izaten den, eta bertsoen osteko burrunba luzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!