Osasunaren alde!

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Mujika 2020ko api. 17a, 15:00

Gehiago kezkatzen nau osasun politikak politikarien osasunak baino. Baita politikaren osasunak ere. Alegia, ez zaidala batere inporta Pedro Sanchezen amaginarreba eta emaztea kutsatuta egotea. Bai, ordea, Tolosaldea eta Buruntzaldean ospitale publikorik ez izatea.

Politikarien osasunak ekonomia politika du pizgarri nagusi. Herriaren osasunak politikariek jarritako ekonomia politika du gaitz hilgarrien.

Azken hamarkadan, Madril eta Bartzelonarekin batera, EAEa da osasungintzaren pribatizazio prozesuan herrialde liderra. Une honetan, 42 ospitale daude Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Horietatik 24 pribatuak dira (2020-04-10, Berria).

COVID-19aren aurkako borrokan, bat eginda azaldu dira osasungintza publiko zein pribatua. Erietxe pribatuek euren baliabide guztiak herriaren esku jarri omen dituzte -Gobernuak beste aukerarik ez die eman. Borondatea borondate, EAEn ospitaleratuta dauden 1559 kutsatuetatik 151 bakarrik daude erietxe pribatuetan.

Baina kontuz! Ez gaitezen orain politikarien osasun eta ekonomia politikekin itsutu, herritarron osasun eta ekonomia politikak ere ez baitira nolanahikoak!

10-Ta -Errenta Aitorpenaren papera etxe gehienetan- postariak etxera ekarri orduko itxi zaigu azken asteetan sekula baino eskuzabalago geneukan ukabila. Indarrez itxi, gainera. Norbait muturrean jo nahiko bagenu bezala. Kutsatuekiko zein haiek artatzen dituztenekiko dugun ustezko solidaritatea falta Ogasunarekiko! “Niri ordaintzera atera zaidak. Ez zakiat zertara joaten garen lanera!”, “Ni aurten kitoan!”, “Ogasun zikin hori…!”… Esaldi ohikoak dira lanpostu publikoak dituzten herritarrengan ere.

Batzuetan hain eskuzabal eta besteetan hain xuhur… Orain, seguru norbaitek botako didala “Bata Osasuna duk, bestea dirua. Ez ditek zerikusirik!” edo horrelakoren bat.

Ez dutela zerikusirik? Zein dirurekin ordaintzen dira ba osasun sistema publikoa -eta pribatuaren zati bat-, hezkuntza sistema publikoa -eta pribatuaren zati bat-…?

Hauxe irakurri orain astebete Anjel Lertxundiren ZU nobelan: “Zergariak gara, konplitzen ditugu gure betebeharrak, baina diru hori guztia orain eskura bagenu ere, iritsiko al ginateke nire gaixotutako emaztearen zaintza eta arta ordaintzera?” […] “Ezingo genituzke hura artatzeko baliabide eta lan guztiak ordaindu, ez balego elkartasunezko sistema bat premian dagoenari laguntzeko.”

Hobe genuke orain paseora ateratzen dena txistukatu eta salatu beharrean, Ogasunari iruzur egiten diona salatu eta iraindu. COVID-19aren sendagaia aurkitzetik gertuago egongo ginateke. Ez dit balio orain “osasunaren alde” etxean egotearen apologia egin -#MeQuedoEnCasa- eta ondoren , Ogasunari iruzur egiteak. Izan gaitezen eskuzabalak beti eta hari ere ordain diezaiogun dagokiguna. Ogasunaren alde! Ui, barkatu. Osasunaren alde! esan nahi nuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!