N1 ANDOAIN A15

Mila lagunek egin dute bat dekalogoarekin, sinadura bilketaren lehen egunetan

CII proiektuak kaltetutakoen Plataformak joan den urtarrilaren 30ean, astelehena, abian jarri zuen N1 eta A15aren arteko lotunerako helburu neurgarrien dekalogoarekiko sinadura bilketa arrakastatsua izaten ari da.

DEKALOGOARI ERANTZUN JENDETSUA

Oraindik 5 egun igaro ez direnean, 1.000 pertsona baino gehiagok dagoeneko bere atxikimendua adieraztea erabaki dute. Aurrekaririk gabeko atxikimendu jendetsu hau, andoaindarren gehiengoak bere interesarako eta Andoaingo etorkizunerako gaiak duen garrantziaz ohartu den adierazgarri garbia da.

Oraindik bere atxikimendua adierazi ez duten andoaindarrak animatu nahi ditu Plataformak, dekalogo moduan etxe guztietako postontzietan banatu den dokumentua sinatu eta ondorengo 5 puntuetako batean utziz Andoain hobeago baten aldeko apostua egitera: Coviran Karrika, Ernaitza liburudenda, Gorostidi burdindegia, Stop liburudenda eta Bazkardoko Telletxea elikagaiak. Aipatutako tokietan eskuragarri izango dira dekalogoak nahi duen ororentzat.

DATORREN LARUNBATERAKO MAHAIAK

Bestalde, Martxoak 5arte antolatu dituen mahaietan sinadurak jasoaz jarraituko du Plataformak. Mimendi eta Makaldegiko merkatu inguruan azken larunbatean jarritako mahaien harrera ona ikusirik, datorren larunbatean, hilak 11, 10.30etatik 12:30etara ostera ere Makaldegiko merkatuaren inguruan eta Karrika auzoan, Coviran saltokiaren inguruan izango dira Plataformako kideak zalantzak argitu eta sinadurak biltzeko asmoz. Xede horrekin, bizilagun guztiak bertaratzera animatu nahi ditu Plataformak.

EZOHIKO UDALBATZA

Beste gai batzuen artean, Andoaingo Udala helburu neurgarrien degalogora atxikitzea helburu duen eta otsailak 1ean CII proiektuak kaltetutakoen Plataformak egin eta erregistratutako ezohiko udalbatza bat ospatzeko eskaeraren erantzunaren zain jarraitzen du Plataformak. Atxikimenduaz gain, airearen kalitatearen eta zarataren azterketa bat burutzea zenbait puntutan eskatu dio Plataformak Udalari, udal eskumenekoa baita gai hau, milaka andoaindarren osasunean gaur egun ematen ahal den kaltea ezagutzeko helburuz.

Ezohiko udalbatza horren deialdia iritsi bitartean, Plataformako kideak biderkatuz doaz, empresa, elkarte, talde ezberdin, edota bizilagun elkarteetatik informatzeko eta zalantzak argitzeko asmoz iristen zaizkion eskaerei erantzun ahal izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!