Bileren helburua auzokide guztiei azken hilabeteetan egindako kudeaketak eta lortutako emaitzak azaltzea da, baita esku artean ditugun zereginen berri ematea, eta guztion artean etorkizunean landu beharreko helburuak eta konpromisoak azaltzea. Honako hauek dira batzarrak egiteko egunak eta lekuak:
- Osteguna, maiatzak 18. 19:30. Mimendi kaleko igogailuaren plazatxoan, bizilagun hauei zuzenduta: Mimendi kalea, Alejandro Calonge, Rikardo Arregi, Dr Huizi, Agustin Leitza, Gernika kalea, Belkoain kalea, Bazkardo plaza, Bordaberri eta Sorabilla.
- Ostirala, maiatzak 19. 19:30. Etxebarrieta Plazan, bizilagun hauei zuzenduta: Aiztondo kalea, Karrika, Sorabilla, Larramendi, Martin Ugalde, Miranda eta inguruko plazak.
- Larunbata, maiatzak 20. 12:00. Espigoian, bizilagun hauei zuzenduta: Ondarreta kalea, Eskolak kalea, Kaleberria, Juan Bautista Erro, Kale Nagusia, Txistoki pasealekua, Olagain, Geltokia, Kaletxiki, La Salle auzoa, Plazaola, Elizondo, Nafarroa plaza, Goikoplaza, Zumea eta inguruko plazak.
Plataformak eskaera asko jaso ditu azken asteotan informazio-ekitaldiak eta herritarren partaidetzako ekitaldiak egiteko. Beraz, bertaratutakoek lehen eskutik jasoko dute kezkatzen gaituen gaiari buruzko informazioa.
Bestalde, zenbait alderdik erantzun diote plataformak bere hauteskunde-programatan 2022ko irailaren 12ko eta 2023ko otsailaren 20ko osoko bilkuretan hartutako erabakiak betetzeko eta betearazteko konpromisoak jasotzeko egindako eskaerari. Baita ere kontsulta-lotesle bat antolatzeko, Andoaingo herritar guztiek horri buruzko iritzia eman dezaten. Alderdiek errekerimenduaren erantzuna bidaltzeko azken eguna maiatzaren 12a, ostirala, izango da.
Behin epeak gaindituta, Plataformak alderdi guztiek bidalitako erantzunen berri emango die Andoaingo herritar guztiei, guztiak jakinaren gainean egon daitezen, eta maiatzaren 28an Andoaingo eta bertako herritarren interesak benetan defendatzen dituzten ordezkariei atxikimendua adierazteko behar duten informazioa izan dezaten.