Marokon 1.000 kasu inguru zenbatu dira, eta azken datuen arabera Saharako lurralde okupatuetan zenbait koronabirus kasu atzeman dira; kezka dago preso sahararren egoerarekin ere.
Argelian milaka coronavirus kasu atzeman dira, eta estatu horretan dauden errefuxiatu kanpamenduetan Fronte Polisarioak Haimetan geratzeko agindua eman du: eskolak itxi dituzte klaseak emateko beste bideak antolatu eta kanpamenduen arteko desplazamentuak mugatu. Testak egiten ari dira apurka-apurka eta oraingoz ez da kasurik atzeman.
Europan pandemia zabaltzean, Saharatik elkartasun mezuak bidali zituzten Euskal Herrira, tartean mezu batzuk euskaraz igorriz.
Pandemia egoera dela eta, 'Oporrak Bakean' programa bertan behera geratu da. Udaran Euskal Herrira 350 haur saharar inguru etorri ohi dira, kanpalekuetako tenperatura altuak sahiesteko, hobe elikatzeko eta mediku arreta osatuagoa jasotzeko. Aurten milaka haurrek ezin izango dute Italiar eta Espainiar Estatuko familietara joan udara pasatzera.
Kezka ere badugu azken urteetan Siria eta beste herrialdetako gatazken ondorioengatik Saharako errefuxiatu kanpamenduetarako murrizten joan den nazioarteko laguntza hemendik aurrera pandemia egoeragatik murritzagoa izango ote den.
Sahararen aldeko euskal elkarteak lanean ari dira elkartasuna errefuxiatu kanpalekuetara bideratzeko, adibidez, 'Oporrak Bakean' proiektuari esker mediku azterketak egiten zitzaizkien 8-12 urte bitarteko haurrei, eta arreta hori nola berrantolatu aztertzen ari gara. Bestalde, haur bakoitzak Euskal Herriko familien eskutik arropa, hezkuntza materiala eta janaria eramaten zuen kanpalekuetara, eta nahiz eta haur sahararrak aurten ez etorri, maleta hori Saharara bidaltzeko modu egokiena zein den aztertu beharko da.
Horretarako, Hurria Saharak nabarmendu nahi du orain arte bezela andoaindarren eta udalaren lankidetza beharrezkoa izango dela, eta epe laburrean informazio gehiago eskainiko du laguntza bideratzeko aukerei buruz.
Informazio gehigarria
Errefuxiatuen kanpamenduetako eguneroko bizitzari buruz Informazio gehiago nahi duenak, Berria egunkariak artikulu sakona argitaratu du: [IRAKURRI].
Bestalde, Saharako egora hobeto ezagutu nahi izanez gero, azken asteetan bi film Interneten doan ikusi daitezke:
- 'Coria y el mar' Saharako emakumeak protagonista duen filma.
- 'Soukeina. 4.400 días de noche' dokumentalean emakume saharar batek Marokoko kartzeletan bizitakoa ezagutu daiteke.