Urriaren 21etik 4 astez jarraian saharauiarrek Guergueraten protesta baketsuak egin dituzte, batetik pasabide hau Marokok legez kanpo ezartzen duelako eta bestetik Nazio Batuei eskatzeko 1988an adostutako autodeterminazio erreferendumarekin konprometitzeko.
Azaroaren 13an Marokoko Indar Armatuek hiru arraila egin zituzten bi posizioen artean dagoen harresian eta horrela nahita urratu zuten 1991tik indarrean zegoen eta gatazkan dauden bi aldeek adostutako Su-Eten Akordioa. Marokoko indarren erasoaldiaren aurrean, Fronte Polisarioak bidezko defentsari ekin zion saharar biztanleria zibila babesteko.
Andoaindik, Euskal elkartasun-mugimendutik adierazten dugu:
- Herri sahararrarekiko eta haren legezko ordezkari den Fronte POLISARIOarekiko zalantzarik gabeko elkartasuna berresten dugu.
- Marokoko Erresumari egozten diogu 1991ko Su-Etena apurtu izana, eta eremuan sortu den eta Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezegonkortasunarekiko erantzukizuna ere.
- MINURSO eta Nazio Batuak inguru horretan segurtasuna mantentzeko eta azaroaren 13ra arte modu baketsuan manifestatzen ziren saharar herritarrak babesteko gai ez direla erakutsi dutela adierazi nahi dugu, bai eta azken 45 urteetan gatazkaren konponbiderako pauso eraginkorrik eman ez dituztela.
- Espainiako Gobernuari eskatzen diogu bere gain har dezala deskolonizatzeke dagoen Afrikako azken lurralde ez-autonomoarekiko erantzukizuna, eta gida dezala, MINURSOrekin batera, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea gauzatzeko erreferenduma berehala egiteko ekimena.
Elkartasun mugimendu gisa, herri sahararra bere kausa legitimoari irtenbidea bilatzeko bakea eta elkarrizketa nahi dituen herria dela azpimarratzen dugu. Herri nekatu, zapuztu eta gogaitu bati ezartzen zaion guda berri bat da hau, 45 urte hauetan bete gabeko hamaika promesa jasan behar izan dituena.
Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin eta une berezi hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa da gure elkartasuna adieraztea.
Horregatik guztiagatik, Andoaingo Udalari eskatu diogu Euskal Herriko udaletan aurkeztuko den mozioa onartzea eta Andoaingo Hurria Sahara elkarteak deia egiten die herriko ordezkari, elkarte eta herritarrei larunbatean, azaroak 21, 12:30etan Goiko Plazan egingo den saharauien aldeko elkartasun kontzentrazioan parte hartzeko.