Andoaindar guztiei

Erabiltzailearen aurpegia Hurria-Sahara 2021ko ots. 13a, 19:23

Lerro hauen bidez gaur egun Saharar herriak bizi duen egoeraren berri eman nahi dizuegu, eta Andoaindik elkartasunaren jardueren baitan eta laguntza humanitarioaren arloan otsaila eta martxoan antolatu diren ekimenak jakinarazi.

Marokok su etena hautsi zuenetik Mendebaldeko Saharan gerra piztu da berriz: indar saharauiek harresian zehar hainbat ekintza egin dituzte, eta Marokok, beste erasoen artean, gerra hegazkinak erabili ditu saharauiak jazartzeko. Egoera honetan, azaroaren 17an herritarren elkartasunak Goikoplaza bete zuen, eta Udaleko bozeramaileen batzordeak ahobatez adierazpen bat onartu zuen saharar herriaren alde.

Nazioarteko elkartasuna inoiz baino garrantzitsuagoa da une honetan. Batetik saharauiarrei adierazi nahi diegu ez daudela  bakarrik: laguntza bideratu behar diegu, eta aldiberean informazioa eta salaketa ekimenak uztartu behar ditugu. Horretarako otsailaren 25ean Basteron “Fusilak edo pintadak” dokumentalaren emanaldia eta hitzaldi bat egingo da. Otsailaren 27an, Saharako Errepublika aldarrikatu zen urteurrenean, Saharako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatzea proposatu da, eta martxoaren 29ean Basteroko Areto Nagusian  urteroko bertso saioa antolatuko da, Eli Pagola, Alaia Martin, Unai Muñoa, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Maialen Lujanbiorekin.

https://www.westernsaharaisnotforsale.org/es kanpaina antolatu da ere, saharako natur baliabideak nazioarteko legediaren aurka ustiatzen dituzten empresa eta herrialdeak salatzeko.

Bestalde, ezin dugu ahaztu saharauiarrak oinarrizko bizibaldintzak mantentzeko laguntza beharrean daudela oraindik: COVID pandemiak ere eragin die, eta ondo antolatutako herria izanik eta gaixotasunaren zabaltzea ekiditeko lanean dauden arren, mugetan sortutako arazoen ondorioz gure herritik 2020ko urte hasieran bildutako 15.000 kilo elikagai 2021eko urtarrilean iritsi dira kanpamenduetara.

Pandemia dela eta, aurten ezingo da elikagairik bildu eskola eta merkataritza guneetan. Aportazio kolektiboen bidez jasoko da janaria, 500 kiloko multzoak eginez garraioa errazteko. COVID19ak ekomikoki Andoainen ere sortu dituen arazoetaz jabetzen gara, eta ez dagoela denon eskura ekarpenak egitea, baina jakinarazi nahi dizuegu ahal duenak diru-ekarpenak egin ditzakela RASDeko Lagunen Elkartearen Laboral Kutxaren 3035 0176 1760003658 kontuan, zuzenean elikagaiak erosteko erabiliko direnak.

Azkenik, jakin berri dugu ‘Oporrak Bakean’ proiektua, haur saharauiak uda Euskal Herrian igarotzeko helburu duena, ezin izango dela egin Beste kolpe latza da, haurrek ezingo baitituzte bigarren urtez jarraian desertuko tenperatura gogorrak saihestu eta osasun azterketa osagarriak egin. Arlo honetan ere alternatibak bilatu beharrean egongo gara.

Egoera beraz ez da erraza, baina saharar herriaren ondoan egon behar garela geroz eta argiago daukagu, 45 urte bana gehiagoz luzatzen ari den injustiziarekin amaitzeko bidean; Hurria Sahara elkartetik lanean jarraituko dugu andoaindarren elkartasuna saharauiengana iritsi dadin, eta ekimen berriak antolatzen direnean jakinaraziko dizkizuegu.

Mila esker zuen laguntzagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!