46 urtez, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu eta gero, gatazka konpondu gabe dago oraindik: su etena 2020ko urrian hautsi zen, Nazio Batuen misioak ez du lurralde okupatuetako giza eskubideen urraketak aztertu eta gerarazteko ekimenik abiatzen, Ilargi Erdi Gorria erakundeak jakinarazi du anemia eta desnutrizio kasuak handitu direla errefuxiatu kanpamentuetan…
Otsailaren 24an, Saharako Errepublika aldarrikatu zen urteurrenari begira, Udaleko alderdi guztien artean Euskal Fondoa erakundearen adierazpen instituzionala irakurri eta Saharako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatu zen; adierazpenaren bidez, Saharako errefuxiatu-kanpalekuetan bizi den egoera humanitario larriaren aurrean, lankidetza eta laguntza humanitarioa areagotzea eskatu zen, egiaztatu baita Espainiako Lankidetza Agentzia eta beste erakundeen ekarpenak murriztu egin direla.
Adierazpen instituzionalean nabarmentzen da ere Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiak 2021ean berretsi duela Marokorekin Europak egindako akordio ekonomikoak ezin direla hedatu Mendebaldeko Saharara, baina, aldi berean, ebazpen hau saiesteko trikimaluak bilatzen saiatzen dira Europako hainbat gobernuk. Fosfatoei edo arrantzari eragiten dieten aferez gain, berriki jakin da Marokok tomate ekologikoa ekoizteko aitzakiarekin lurralde okupatuetako langabezian eragin ordez marokoko kolonoen presentzia indartu duela.
Horregatik guztiagatik, saharauien irmotasuna, euskal herritarren eskuzabaltasuna eta gure erakundeen konpromezua dira gatazka konpontzeko tresna nagusiak.
Azken janari bilketan Andoainen ia 8000 kilo elikagai jaso dira, 40 kilo konpresa eta sendagaiak zein kirol materiala ere bidali da. Eskerrak eman nahi dizkiegu andoaindarrei, farmaziei eta, aurten, bereziki, Euskalduna Futbol Taldeari. Alacanten itsasoratu da jada errefuxiatu kanpamentuetara iritsiko den elkartasunezko euskal karabana.
Bertso saioa Basteron
Martxoaren 27an Basteroko Areto Nagusian urteroko bertso saioa antolatuko da Punttuka Eskolarekin lankidetzan. Bertan bertsolari hauek parte hartuko dute: Beñat Gaztelumendi,
Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Alaia Martin,
Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia.
Azkenik, jakinarazi nahi dugu, bi urteko etenaldiaren ondoren, ‘Oporrak Bakean’ proiektua, haur saharauiak uda Euskal Herrian igarotzeko helburu duena, berriro martxan abiatuko dela. Egonaldi hauei esker, haurrek desertuko tenperatura gogorrak saiestu eta osasun-azterketa zehatzagoak egin ahal izango dituzte. Proiektu honetan parte hartzeko familia interesaturik balego, Udalarekin harremanetan jar daiteke.
Munduak bizi dituen pandemia eta gerra egoera anitzek sortutako etsipenaren zurrunbiloan ezin dugu ahantzi saharar herriaren ondoan egon behar garela, 46 urtez luzatzen ari den injustiziarekin amaitzeko bidean herritarren elkartasuna zabalduz.
Mila esker zuen laguntzagatik.