Andoaingo herritarrei
Data hauetan urtero Andoaingo Hurria Sahara elkarteak herritarrengana jo izan ohi du “Elikatu itxaropena” sahararen aldeko karabanan parte hartzeko gonbidapena egiteko.
2021 urteko pandemia osasun larrialdi egoeran ez zen posible izan ordurarte ohikoa zen elikagai bilketa egitea, baina 2022 urtean herritarrak berriz ere eskuzabaltasunez erantzun zuten eta Andoaindik 7500 kilo elikagai jaso ziren errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko. Kopuru honi Hurria Saharak erositako elikagaiei gehitu eta andoaindar bakoitzeko kilo bat janari bidaltzeko helburua bete genuen.
Azken urteak gogorrak izan dira Saharako herritarrentzat: Soilik saharauiarren borondate sendo eta antolaketari esker lortu zuten pandemiari aurre egitea eta nazioartean sortu diren krisi anitzek ere saharako errefuxiatuen kanpamentuetara iristen den laguntza murriztea ekarri dute. Egoera larri honi gehitzen zaio Marokoko Gobernuak 1991 urtetik indarrean zegoen su etena hautsi izana: lurraldea banatzen duen harresi militarraren inguruan 2020ko urritik gerra ekintza ugari egon dira, baina gainera Marokok hegazkinak eta dronak erabili ditu, soldadu saharaui eta zibilen artean biktimak eraginez. Testuinguru honetan Espainiako gobernuak Saharako etorkizuna Marokoren planteamendu autonomistetara mugatzeak ere gatazka gehiago korapilatzea eragiten du.
Egoera larri honetan, 2023an mediterraneo itsasoa zeharkatzeko logistika arazoak ere sortu dira, eta Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara zuzentzen zen janari bilketaren kopurua garraio baldintza berrietara egokitu behar izan da: ondorioz aurten soilik ikastetxeen bidez egingo da elikagai bilketa, Hurria Sahara eta Andoaingo Udalaren arteko lankidetzan, baina ez gara ohi bezala denda eta supermerkatuetan egongo. Seme alabak ikastetxeetan ez dituztenek elikagai karabanarentzako ekarpenen bat egin nahiko balute Laboral Kutxako 2095 5022 18 1060843686 kontu korrontearen bidez egin dezakete eta Hurria Saharak diru hori zuzenean elikagaiak erosteko baliatuko du.
Idatzi honen bidez Andoaingo Udalaren, ikastetxeen eta herritarren eskuzabaltasuna eskertu nahi dugu, eta Sahararen alde lanean jarraitzeko gure konpromisoa berretsi.