Eskola-adinean dauden adingabeak dituzten familiek ikastetxeetan egin ditzakete beren ekarpenak eta gainerako herritarrek saltoki hauetan gaitutako kutxetan: Zumeako Eroskin, Karrikako Covirán, Bazkardoko Telletxea... Pasta, arroza, atuna, lekaleak... jasoko dira, eta aurten ere glutenik gabeko elikagaiak bilduko dira saharar kanpamenduean bizi diren zeliakoentzat.
Dagoeneko elikagaiak jaso dira ere BMn eta Ondarretako Eroskin, eta urtarrilaren 26an eta 27an beste bilketa berezi bat egingo da Super Amaran.
Lerro hauen bidez, errefuxiatuen kanpamentuetan egoera humanitarioa larriagotzen ari dela jakinarazi nahi dugu. 2024ko urtarrilaren 12an Nafarroako Parlamentuko Nazioarteko Elkartasunerako batzordearen lan-saio batean hainbat GKEk emandako datuak laburbilduz:
- Saharar errefuxiatuak ia 50 urtetik gatazka kroniko eta ahaztua bizi dute, gaur egun hainbat krisietan islatzen dena: humanitarioa, elikagaia, osasuna...
- Afrikako lurralde honi etengabe eragiten diete muturreko tenperaturek, sirokoek eta uholdeek, aldian-aldian errepikatzen ari diren zikloetan.
- Pandemiak eragin handia izan zuen errefuxiatu kanpamentuetan: hasiak ziren garapen-proiektuen geldialdia eta jarduera ekonomikoaren moteltzea.
- Europan, Afrikan eta Asian gerra ezberdinak pizteak kanpamenduen oinarrizko beharrak asetzea helburu zuten nazioarteko laguntza funtsak eta baliabideak murriztea ekarri du.
- 2010ean 14.000 adingabek parte hartu zuten Oporrak Bakean kanpainan, eta pandemiaren ondorengo urteetan kopuru hori 4.000 eta 2.500 izatera murriztu da.
- Su-etena hautsi eta Marokoko ejertzitoaren bonbardaketen ondorioz 5.000 pertsona baino gehiago iritsi dira kanpamentuetara babes bila.
- Krisi ekonomikoek eta gerrateek eragindako prezioen igoerak murrizketak ekarri dituzte kanpamentuetara iristen ziren elikagaietan, eta murrizketa hauek kasu batzuetan guztizkoaren % 50 ere izan dira. Lehen kanpamenduetan oinarrizko elikagai banaketan gertatutakoak ia 40.000 pertsona utzi ditu babesik gabe, eta oinarrizko saskia herritarren % 75era baino ez da iristen, pertsona kalteberen ehunekoa % 95era iristen den arren.
- Ondorioz, malnutrizioa % 28,8ra iristen da 5 urtetik beherakoen artean, eta anemia, berriz, % 54,2 5 urtetik beherakoetan, % 89 haurdunetan, % 77 bularreko haurretan eta % 53,5 ugaltzeko adienan daduen emakumeetan.
Sahararrek ez dute egoera horrekin etsi, eta bizitza eta erresistentzia antolatzen jarraitzen dute kanpamentuetan eta okupatutako lurraldetan: horregatik guztiagatik, Andoaingo herriari dei egiten diogu Sahara ez dezan ahaztu eta, ondorioz, elkartasuna mantentzea eta areagotzea, kasu honetan, elikagaiak bilketaren bidez.