Sahararen aldeko ekimenak, Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Hurria-Sahara 2024ko mar. 15a, 07:00

Hurria Sahara elkarteak Udalaren eta herritarren laguntzaz hainbat jarduera antolatu ohi ditu, urteko lehen hilabeteetan: janari-bilketa, mozioa udalean, bertso-saioa... Martxan dago 8 eta 12 urte bitarteko saharar haurrak  euskal familien etxeetan  udako bi hilabeteak igarotzeko familia eta norbanakoentzat informazio-kanpaina.

Urtez urte, Andoainera haur saharar ugari etorri da  uztaila-abuztuan basamortuko baldintza gogorrak saihesteko asmoz:  50 gradutik gorako tenperaturak, hare ekaitzak…

Gure artean egiten duten egonaldian, haurren osasuna nabarmen hobetzen da elikadura orekatuagoa egiteko aukera izaten baitute egunean bost bazkari eginez, elikagai fresko, barazki, fruta, proteinak eta abar hartuz.. Osakidetzaren laguntzaz oinarrizko osasun-azterketak egiten dira eta kanpalekuetan antzeman edo tratatzea
zailak diren gaitzak artatu: ikusmen- eta entzumen-arazoak, hortzetako gaitzak… Udal kiroldegiko jardueretan eta "Goazen Jolastera" programan parte hartzekoa aukera izaten dute haurrek ere.

Baina, batez ere, bi herri eta kulturen arteko trukeaz ari gara, bi hilabetez, eguneroko bizitzan esperientzia berezi bat bizitzeko aukera ematen diguna Sahara eta Euskal Herriko haur, familia eta herritarrei: denei ohiturak aldatzea eta egokitzea
eskatzen die, uda batez ahalegin ezberdin bat egitea, baina bizipen aberasgarri bat izateko aukera da ere.

Andoaingo Udala arduratzen da bidaia-gastuez, kudeaketa-lanez... Izen-ematea zabalik dago, Gizarte Zerbitzuetako gizarte-zerbitzuak@andoain.eus posta elektronikora idatziz edo 943 304 343 telefono zenbakira deituz.

Hurria Sahara elkarteko kideak ere informazio osagarria emateko prest daude 677 806 978 telefonoz edo Whatsapp bidez, baita oporrakbakean.eus webgunearen bidez ere.

Jakinarazi nahi dugu ere joan zen martxoaren 9an janari-karabana abiatu zela Donostiatik Sahara aldera: Andoainen, 3500 kilo inguru jaso ziren eta, aurten, gluten gabeko beste 1000 kilo bidali dira ere. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, ikastetxeei, saltokiei eta Udalari.

Azkenik, Sahararen aldeko bertso-saioa Bastero Kulturgunean ospatuko da martxoaren 24an, Punttuka Bertso-Eskolak eta Hurria Sahara elkarteak antolatuta. Sarrerak aurki egongo dira salgai ohiko lekuetan eta honako bertsolari hauek hartuko dute parte: Amets Arzallus, Sustrai Colina, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Lierni Rekondo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!