Baina aurtengoa ez da urte arrunt bat: 25 urte bete dira lehen aldiz Saharako bost haur jaso genituenetik. Mahayuba, Omar, Bena, Amer eta Jamida izan ziren lehenak. Harrezkero, eta etengabe –pandemian izan ezik–, urtero, Andoaingo familiaren batek saharar ume bat hartu du bere etxean.
Haiek izan dira, eta izaten jarraitzen dute, borrokaren, erresistentziaren eta duintasunaren ikur den herri baten enbaxadorerik onenak.
Espainiak burutu gabe utzitako deskolonizazioan daude gatazkaren sustraiak; porrot horrek lurraldea zatituta eta okupazioaren mende utzi zuen, okupatutako lurraldeetan, lurralde liberatuetan eta Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan banatua. Azken horietatik datoz gurekin dauden umeak. Haien kausak nazioarteko hainbat ebazpenen babesa du, NBEren babesa barne, baina potentzia handien presioak eragozten du herri honen eskubide nagusia betetzea: erreferenduma.
Kanpamentuetako bizitza ez da erraza. Hamada izeneko basamortuko leku batean bizi dira, eta muturreko tenperaturak pairatzen dituzte, bai udan bai neguan. Elikadura nazioarteko laguntzaren menpe dago. Arroz kilo bat edo atun-lata bat emanez Elikagaien Karabanan parte hartzen duen andoaindar bakoitzak haien borrokan eta biziraupenean laguntzen du.
Horregatik, Hurria Saharak eskerrak eman nahi dizkie 25 urtez Saharako haur bat hartu duten familia guztiei. Elkartasunaren adibide zarete. Baina Oporrak Bakean programa askoz gehiago da: kontzientzia kolektiboa bizirik mantentzen du, eta bere askatasunaren eta duintasunaren alde borrokatzen duen herri baten kausa ikusarazten du. Eta herri hau, Andoain, beti izango dute ondoan.