Hasi ta bukatu negarrez

Halaxe zioen Delirium Tremensen abestiak, eta halaxe izan ohi da. Negarrez hasten dugu bizitza, goxo-goxo egoten garelako-edo amaren barrenean, eta ezezagun egiten zaigun beste nonbaitera goazelako. Eta malkoak izaten dira bizitzaren akaberan ere, bai norberarenak, bai ingurukoenak, normalean tristea izaten delako ezagutzen den hori betiko atzean utzi beharra.

Hau guztia egia izanik, askotan bada gehiegizkoa sentitzen den izua heriotzari buruz hitz egitean. Elkarrizketaren batean gaia ateraz gero, oro har ahalik eta azkarren saihesteko joera izaten da.  Baten batek duela gutxi hurbileko norbait galdu duela eta, ez dugulako gaizki sentitzea nahi, heriotzarekin lotutako irudi ilunak ditugulako buruan, edota besterik gabe, tabu delako. Kontua da beste kultura edo gizarte batzuetan ez bezala, gurean ia ezinezkoa dela honetaz mintzatzea, ez baduzu besteek arrarotzat hartzea nahi.

Dena den, hain presente dagoen zerbait izanik, sarritan jorratu izan da heriotza, besteak beste, zine munduan. Bada, esaterako, bizitzari bukaera emateko beste modu bat azaltzen duen “Las invasiones bárbaras” izeneko pelikula bat.  2003an atzerriko film onenaren Oscarra lortu zuen Quebec-en kokatuko istorio honek. Bertako protagonista nagusia gaixo eta heriotzara bidean dagoen unibertsitateko irakasle bat da. Hau jakinik eta bere azken egunak arintze aldera, betiko lagunak  agertuko dira, emazte ohi eta semearekin batera. Bizi izandako momentu ederrak gogoratuko dituzte eta izandako arazo edo gaizki ulertuak konpontzen saiatuko dira. Ez dira heriotzaren gaineko eztabaida filosofikoetan sartuko, baizik eta datorrenari ahalik eta modurik duinenean egingo diote aurre. Ez da beldurra ezkutatzen baina sufrimenduak baretzen ahalegintzen dira. Gainera, azken uneak bera harrapatu aurretik, hiltzera doanak aukeratuko du non, noiz eta nola bukatu. Momentu triste eta gogorrak ditu filmak, baina baita baikortasun eta zoriontasunekoak ere. Eta amaitzean, aho gustu ona uzten du.

Hain gustu ona utziko ez duena, hil eta gero ere, gastu bat izaten jarraitzea izango da. Harrigarri xamarra da bizitzari agur esan, senideak bakartiago utzi eta gainera oraindik zugatik ordaintzen jarraitu behar izatea. Guztiak berdinak garela heriotzaren aurrean, baina ez horrek suposatzen duen kostuari aurre egiteko orduan. Consumer aldizkariak egindako ikerketa baten arabera, ehorzketa merkeenak ere garestiak dira. Gipuzkoan bataz beste 1500 eurotik gora balio du lur emateak. Hainbat eta hainbatentzat gehiegi izango da, baina horrelako egoera bat ez da negarrez hasteko unerik egokiena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!