Mendiko langileak

Maiatzaren lehena duela gutxi pasa da. Urtero legez langilearen eguna ospatu da. Ikusi ditugu manifestazioak eta aldarrikapenak han-hemenka. Berriro ere, Euskal Herrian banatuta atera dira sindikatuak kalera. Batzuen ustez, ez dagoelako errezeta bakarra krisialdi ekonomikotik ateratzeko. Beste batzuen arabera, bakoitzak bereari baino ez diolako erreparatzen.

Dena den, egun hau munduko toki askotan aprobetxatzen da langileen eskubideen alde egiteko. Herrialdearen egoeraren arabera, bakoitzean gauza desberdinak eskatuko dira, erritmoak ere ez direlako berdinak, esaterako, gure artean ala Indian. Baina giza legezkoa litzateke hemen guretzat nahi ditugun baldintzak, ekonomikoki atzeratuagoak dauden inguruetan ere defendatzea.

Natorren, beraz, azken egunotan bolo-bolo ibili den Annapurna mendiaren inguruan gertatutakora. Entzun, ikusi, irakurri ditugu Tolo Calafat mendigoizalearen heriotzari buruz esandakoak. Ez ginen han izan, hain egoera muturrekoan; ez dakigu zehazki zer gertatu zen, ezta norberak hil ala biziko une batean zer egingo lukeen. Baina mendiko langileez entzundako zenbait “perla” nazkagarriak iruditu zaizkit, erabat justifika ezinak. Ez omen zuten jaitsi ezinean geratutakoaren bila joan nahi izan; seina mila euro eskainita ere ezetz esan omen zuten, Oh Eun-sun korearraren espedizioaren parte ziren sherpek. Eta errekorraren jabe den emakumeak ez omen zituen behar adina presionatu gorantz abia zitezen. Oiarzabalek eta, aldiz, “heriotzara” igorri omen zuten beraien sherpetako bat.
Dirudienez, batzuk errazegi galtzen dute gauzen ikuspegia. Mundu osotik hurbiltzen da jendea Himalaia aldera, munduko tontorrik altuenak igotzeko helburuarekin. Hogeita hamar mila bat euro ordaindu behar omen dira Everestera igotzeko pakete osoa kontratatzearen truke. Ez dago hortaz, poltsiko guztien eskura. Behin inguru haietara ailegatuta, gehienek bertako langileen laguntza behar izaten dute. Materiala garraiatzeaz, sokak jartzeaz eta gailurrerako bidean laguntzeaz arduratzen dira, besteak beste. Han bizi den jendea da, beraien nagusiak izango direnak baino eskarmentu handiagokoak dira, indartsuagoak eta, batez ere, lanean ari direnak. Batzuk desioak betetzera doaz eta besteek desio horiek betetzen laguntzen dute. Mendia bizimodu bat da guztientzat, baina modu desberdinean ulertuta ziurrenik.

Kasu honetan ere ez dugu langile hauen ahotsik entzun, ezta beraien adierazpenik irakurri ere. Gure izarrek diotenak bakarrik duela garrantzia ematen du. Beste mende bateko mentalitatea dela esan nahiko nuke, baino baliteke hain zaharkitua ere ez izatea. Kontua da Sonam sherpa izan zela Calafatekin gaua pasa zuena, eta Dawa sherpa, berriz, hurrengo egunean bere bila hamaika orduz aritu zena. Horiek ekintzak dira eta ez hitzak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!