Bada gizon bat saiatu eta asmatu izan duena

Xabier Lete oiartzuarrak irabazi berri duen Euskadi Literatura Sariak, bide eta aitzakia egokia eskaini dizkit berari buruz idazteko. Ez dut, hala ere, bere figura eta obrarik glosatuko modu orokor batean, ez bainaiz poesia irakurlea eta ez nuke jakingo egiten. Bere abesti eta hitzek niri eman didatena, ordea, barnean daramat, nahiz eta garai batean bezainbeste ez ditudan entzuten bere diskoak. Beraz, omenaldi xume bat besterik ez da euskal idazle eta abeslari handi bati. Berak emandako zenbait printzen bidez iruten den gorazarrea.

Xalbadorren heriotzean: Bertsolari baxenafarraren maila bikaina, eta bukaera aski tragikoa izanagatik ere, Leteren kantak Xalbador beraren izena gainditu duela uste dut. Gaurko gazte askok ezagutuko dute abestia, Urepeleko artzaina nor zen ez badakite ere. Niri nolabaiteko tristura eragin izan dit abestu dudan gehienetan, baina, dena den, afalosteren batean mihia astintzen hasiz gero, zerrendaren gainaldean agertuko da ziurrenik.

Habanera: Bertako hitzek zer esan nahi zuten oso ondo ez jakin arren, hain gustura entzuten nuen! Vainillaz, itsaso urrun batez, neskatxen puntilla finez, argazkien paretetako Antillez…, ziharduen bere ahots gastatuaz, eta behin eta berriz entzuten nuen. Honekin batera, abestiaren musika ere oso gogoko dut. Badira urte batzuk bertsolarien artean zabaldu zela, eta geroztik makina bat aldiz entzun da doinu hau bertso saioetan.

Izarren hautsa: Mikel Laboaren ahotik ezagunagoa da abesti zoragarri hau, eta neroni ere gehiago gustatzen zait. Baina musika gutxietsi gabe, hitzek bihurtzen dute niretzat desberdin. Sinisten dut  kantan bezala, hemen ere hasiera eta bukaerako hautsari buruz ari zaigu, lur, landare, animalia eta gizakiak lotzen gaituen kateari buruz, aldaketa eta sortu beharreko bide berriei buruz…

Beste zenbait abestiez gain, badut memorian gordeta beste pasarte eder bat. Duela hiruzpalau urte Arantxa Iturbe kazetariari Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketa. Bere lan eta bizitzari buruz jardun zuen kasik ordubetez, bere-berea duen pesimismoan, baino baita bere-berea duen tonu poetiko gozoan ere. Eta ni ordubetez irratiari itsatsia.

Bukatzeko, ez nuke salatu gabe utzi nahi, sariaren egunean bertan ETBko gaueko albistegietan ezertxo ere ez esana, are gehiago sari banaketa EITBko Bilboko egoitza nagusian izanda. Horren ordez, nahiago izan zituzten Madonnaren irudiak azaldu, Afrikako behartsuen aldeko eraikin baten lehen harria jartzen. Mundu globalizatu irudi saltzailearen adibide soil bat gehiago. Letek berak, aldiz, zera dio beste elkarrizketa batean: “Nik ez dut amets handirik eta zeru ederrik eskaintzen. Poesia pixka bat eskain dezaket, eta dezentzia pixka bat erreklamatu. Besterik ez” .

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!