Aukera historikoa

Horrelaxe definitu du Ramon Etxezarretak, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde berriak, azken hauteskunde autonomikoen ondoren sortutako egoera: “PSEk aukera historikoa du, euskararen munduek etxeko senti dezaten”. Berria egunkariari (2009-06-07) eskainitako elkarrizketan bere karguari dagokion hainbat gairi buruz hitz egin du. Euskaltzaleon ikuspegitik interesgarriak dira bere iritziak, gobernu berriak hurrengo urteetan eraman asmo duen politikaz.
Aurrera jarraitu aurretik aukera historikoarenak deja vu sentsazioa eragiten didala esan nahi nuke.

Politikariek zenbat aldiz erabili ote dituzte hitz hauek euskalgintzaz gain, bakegintzaz, kulturgintzaz, azpiegituretaz, etab. mintzatzeko? Erabiliaren erabiliaz balioa galtzen duten esamolde potoloen artean sartzeraino. Hala ere, kasu honetan bada desberdintasun bat, Etxezarretak bere alderdiari, Euskadiko Alderdi Sozialistari, ezartzen baitio halako erronka moduko bat: alderdi ez-abertzaleek euskararekin izandako “desafekzioa” zuzentzea. Alde honetatik garrantzitsuak iruditzen zaizkit bere hitzak, oposiziotik  beharrezkoa ez ezik, askotan errazegia ere izaten baita kritika egitea. Baina gobernura iritsi eta boterea eskuratzean, leloek baino ekintzek justifikatzen dute norberaren jarduna, eta lau urtekoa epe luzeegia ez bada ere, eraman nahi den norabidea ikusteko adierazgarria izan liteke.

Hezkuntza sisteman orain arteko ereduak mantentzearena ez da erabaki logikoa aurretik aipatutako erronkaren bidean. Azken hamarkadetako esperientziak erakutsi du euskara soilik irakasgai bezala duenak oso zail duela euskara ulertu eta hitz egiteko gai izatea, ez bada behintzat inguru euskaldunean bizi. Ez al dugu ba gauza bera nabaritzen ingelesari buruz ari garenean? Eskolako ingelesarekin zoaz atzerrira, ea nolako aurpegia geratzen zaizun! Baina ez gaude atzerrian ala? Ez al zen kontsentsu politikoa lortu euskara eta gaztelania, biak ala biak, izango zirela hizkuntza ofizialak? Erkidegoko hezkuntza sistemak bermatu behar luke gaurko gazteak herren ez ibiltzea arlo honetan. Guztion eskubideez ari gara bai, baina baita guztion betebeharrez ere. Nagusiek ez jakitea gauza bat da, baina haurrek ez ikastea beste bat. Eta ez da hain zaila. Munduan zehar nahi adina adibide baitaude bi, hiru edo hizkuntza gehiago menperatzea posible dela erakusten dutenak. Erabaki politikoa da beharrezkoa, horra iristeko nahia izatea, benetan horretan sinestea.

Euskara guztiona bada (eta hala da!) eta inork ez badu berea balitz bezala jardun behar, aukera bikaina dute boteretik bertatik euskara ez bakarrik maitatzeko, baita egunerokoan gozatzeko ere. Adibide pozgarria emango ligukete guztioi, baita euskarari buruz erdaraz aritzen diren abertzaleei ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!