Basque txip

Labeldun euskal patata frijituak izan zitezkeen edota euskararen neoizko promozio merkea. Ez ba! Hemen aurkezten dizuedana Basque International Research Centre delakoak urteetan zehar egindako ikerketa eta lan mardularen emaitza da. Hainbat arlotan (informatika, genetika, linguistika, etab.) punta-puntako ikerlariak direnak, guztiak ere nazioarte mailan sona handikoak, elkarlanean aritu ondoren lortu dutenak ez du orain artean parekorik. Ez da aurkikuntza soila, askoz haratago doa, XXI. mendeko lehen iraultza sozialtzat har baigenezake.

Asterix, Obelix eta enparauak, Panoramix druidak prestatutako pozima magikoak egiten zituen boteretsu, inbaditzaile erromatarrei behin eta berriz aurre egiteko gai. Asko gozarazi gintuzten beraien garaipenekin, baino zoritxarrez badirudi sekretua mantentzerik ez zutela izan, eta historiaren punturen batean galdu egin zela. Inoiz ez dugu jakingo zehazki zerk bihurtzen zituen hain indartsu. Baina egia da gizakiak beti izan duela horrelako soluzioen nahia. Pozima magikoak, pilula miragarriak, edabe bizkorgarriak eta antzekoak, mitoa eta errealitatearen artean dantzan dabiltzan kontzeptuak dira. Fededun talde jendetsua duten bezala, sinesgabe eszeptikoak ere ugariak dira.

Basque txip deitutako asmakizun honek, ordea, berme zientifiko osoa eskaintzen du. Hemen jada ez dago konfiantza edo sinesgarritasun konturik. Froga eta esperimentu andanaren ondotik ez dago zalantzarik, gizaki eta kultura ezberdinen arteko harremanetan eboluzio sakona suposatuko duen urrats handi baten aurrean gaude. Izan ere, txip hau inplante baten bidez edozein pertsonari ezarri dakioke, eta berau instantean txip horretan sartu den hizkuntzaren jabe izango da. Hau da, txipean euskara sartu bada, gizon edo emakume hori euskara ulertu eta mintzatzeko gauza izango da. Berdin gertatuko litzateke beste edozein hizkuntzarekin ere, nahiz eta oraingoz erabateko ziurtasuna eskaintzen dutenak, euskararenaz gain, gaztelaniarena, ingelesarena eta txinerarena izan.

Hainbat ikuspuntutatik aurrerapen nabarmena suposatu arren, beti egongo da kontra azalduko denik. Egia zera da, hizkuntzen ikasketen modernizazioan pausoak eman direla, baina oraindik lana eta esfortzua eskatzen dituela. Mundu globalizatu honetan gero eta denbora eta diru gutxiago dagoela euskara bezalako hizkuntza gutxituak ikasteko. Beste alor batzuetan gertatzen den moduan, ekoizpena ahalik eta laburren egitea lortu behar dela, ahate gibel handi horiek etengabe protestaka aritzen badira ere. Bidea, prozesua, tartekoa ez dela gustukoa, emaitza azkar eta berehalakoa bakarrik interesatzen zaigula.

Dagoeneko ohartuko zinen momentuz euskal txiparena asmakizun, amets, amesgaizto hutsa besterik ez dela. Ruperrek abesten dituen desagertutako 5700 kultura horien kopuruak handitzen jarraituko duela. Pixkanaka uniformeagoak bihurtzen ari garela. “Basque” hitzak “euskaldun hitzak” baino gehiago balio duela. Euskal txipa sortzen dutenean euskaltegiak hustu eta museo bilakatuko direla. Denok izango garela euskaraz mintzatzeko gai, baina egingo ote dugu?

2008ko uztailaren 4a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!