Loriaren bidezidorrak

Erabiltzailearen aurpegia Iban Balerdi 2008ko aza. 18a, 18:56

Stanley Kubrick zinegilearen “Paths of glory” edo “Senderos de gloria” pelikula benetako istorio batean oinarrituta dago. Lehen Mundu Gerran, Frantziako lubakietan, soldadu frantziarrak Txingurrien muinoa alemaniarrengandik berreskuratu nahian dabiltza azken bi urteetan. Egoera ez aurrera ez atzera dagoela dirudi. Honen aurrean Broulard jeneralak maila-igoera eskaintzen dio Mireau jeneralari, baldin eta aipatutako muinoa  konkistatzea lortzen badu. Honek, era berean, Dax koronelari agintzen dio zeregin hau. Kirk Douglas-ek badaki, ordea, ezinezkoa dela, eta bere gizonik gehienak zenduko direla misio suizida honetan. Hala eta guztiz ere, agindua bete egin behar dute. Ondorengo sarraskian, gutxi batzuk salbatzen dira. Baina porrota ezin jasanik, armada buruek gudu kontseilua antolatuko dute soldaduen aurka, koldarkeria egotzita.

Gerraren aurkako maisulana da film hau, beronen zentzugabetasun,  krudelkeria eta eragiten duen sufrimendua era bikainean erakusten baititu. Baina bere muina gizartearen zatiketan datza. Aginte kateari begirada zorrotz eta gordina luzatzen dio. Armadan ez ezik, bizitzaren gainontzeko arloetan ere ageri den mailaketa. Batetik, agintari eta boteretsuak, zer egin behar den esaten dutenak. Bestetik, aginduak betetzera behartuta dagoen herri xehea.

Horrela, jeneralek, arriskurik gabeko beraien babeslekutik ikusten dute soldaduen ezintasuna. Beraientzat gerratea botere eta loria kontua da, eta benetako nahia politikari eta komunikabideen esker ona lortzea. Garaipenak, argazkiak eta dominak. Giza eskubide edota soldaduen bizitzek ez dute ezer balio. Gizatasun falta eta ustelkeria nabarmentzen dira beste ezeren gainetik “Ez dago soldaduentzat akuilu handiagorik, gizaki bat hiltzen ikustea baino”, botatzen du Broulard-ek pelikula bukaeran.

Aitzitik, erasoaren aurretik, soldaduak erabat izututa azaltzen dira. Azpian  egotea egokitu zaie, fisikaren lege ezezagunen bat tarteko, eta ez dute beraien egoera aldatzeko aukerarik. Izan ere, Mireau-k dioen bezala: “Gauza bat askatasuna da, ez obeditzea beste bat”. Dagokien patua ezaguna izanik, nahiago dute heriotza, zaurituak eta sufritzen egotea baino.

Artikulu hau argitaratzerako bilduak izango dira Washington-en G20a osatzen duten nazioetako presidenteak. Munduko aberatsenak eta garapen bidean daudenen artean jendetsuenak. Krisi ekonomikoaren erantzule diren botereekin elkartu ondoren, bizi dugun sistema nola eralda daitekeen erabaki dute. Inork ez gaitu kontsultatuko, ez eta erreferendum batera deituko ere. Zer esanik ez, existitzen ez diren gainontzeko herrialdeek hobe dute men egitea. Agian, ez existitzen jarraitzeko aukera izango dute.

2008 azaroaren 21a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!