Gazte langileok autodefentsarako bitartekoak sortzeko beharraz - (I)

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Agiñarte 2021ko eka. 2a, 23:06

Testuinguraketa horrek ekarri gaitu, beraz, gazte langileon defentsarako eta antolaketarako bitartekoak sortzearen beharra egikaritzera. Beraz, bizitzen ari garen jazarpen eta kriminalizazio kasuen aurrean, gure buruen defentsarako bitartekoak eskaintzeko asmoz Jazartuon Babes Kutxa aurkeztea erabaki genuen duela pare bat hilabete.

Urtebete pasatxo igaro da jada COVID-19aren lehen kasuen agerpenetik.  Urtebete, osasun-krisi batean ez ezik, krisi ekonomiko, politiko eta sozial sakon batean bete-betean murgildurik gaudenetik. Urtebete, era berean, langileon oinarrizko askatasun eta eskubideen etengabeko urrapenen zurrunbilo batean sartu gintuztenetik ere. 


Ugariak izan dira birusari aurre egitearen argudiopean hartu diren neurri murriztaileak. Neurri horietako askok, ebidentzia zientifikoari ez ezik zentzu komunari ere irain egin izan diote. Hala ere, begi bistako zentzugabekeria horietatik haratago, neurri horien muinean ezkutatzen den klase izaeraren gainean hausnartu nahi nuke.


Langileok neurri hauen ondoriorik gordinenak pairatu ditugu lehen egunetik. Osasun-irizpideen gaindi merkantziaren ekoizpen eta zirkulazioa bermatzea nola lehenetsi den bizi izan dugu, baita kontrol mekanismoen gorakada ere: hor ditugu espainiar estatuko aurrekontu orokorretan indar polizialei bideratutako diru-ekarpenaren igoera (kolore guztietako alderdi ustez aurrerakoiek babestuta), Andoainen bertan pairatzen ari garen presentzia polizialaren gorakada edota bideozaintza kameren ugaritzea, adibidez.


Zentzu berean, askatasun politikoen mugek denei berdin eragiten ez digutela ere argi ikusi ahal izan dugu. Politikari profesionalei erreparatu besterik ez diegu murrizpenek haien jardunean ia aldaketarik eragin ez dutela ikusteko. Txanponaren beste aldean, proletalgoak, eta zehazki klase independentziaz jardun nahi izan duen eragile edo antolakunde orok, murrizketa horien alde bortitzena jasan behar izan du. Autonomia politikoz antolatzeko zituen baliabideak ukatuak izan zaizkio, eta honen adibide garbia da, adibidez, langile kontrolpeko espazioek (Gaztetxeak kasu) legearen aurrean duten egora alegalaz baliatu izana jardun politikoa debekatzeko. Herrian bertan dugu honen adibide garbia.


Halaber, ezin da aipatu gabe utzi gazte langileon egoera: langabezia-tasa jasangaitza, burokraten paper artean galdu eta berandu heldutako diru prestazioak,  aisialdia erreproduzitzeko gaitasunik gabe gelditzea edota berau kriminalizatzea… Behin eta berriz azaldu dugun moduan, gazte langileok subjektu debaluatuak gara sistema kapitalistan eta funtzio ekonomiko zein despolitizitzaile zehatzak jokatzen ditugu bertan. 


Miseriara kondenatu nahi gaituzte, proletarizazio prozesua agerikoa da, eta horrek zuzeneko harremana du gazteok bizitzen ari garen kriminalizazio zein jazarpen etengabearekin. Aparatu ideologiko desberdinen laguntzaz, mass mediak kasu, osasun-krisiari eman zaion aterabide poliziala zein gazteonganako kriminalizazioa justifikatu da. Berriro ere herritik irten gabe, denoi datorkigu burura estatu mailako telebista kate ezagun batek Zumea plazan eman zen liskar baten gainean eman zuen irakurketa desitxuratu eta kriminalizatzailea, adibidez.


Totalitarismoa eta diziplina dira egungo egoeraren esentzia, eta gazte langileok modu nabarmenean jasaten ari gara. Adibide zehatzik ez dut jarriko honen inguruan, edozein gazteri galdetu besterik ez baitago pandemia hasi zenetik osasun-krisiaren aitzakiapean jasan behar izan ditugun gehiegikeria polizialen gainean. 


Testuinguraketa horrek ekarri gaitu, beraz, gazte langileon defentsarako eta antolaketarako bitartekoak sortzearen beharra egikaritzera. Beraz, bizitzen ari garen jazarpen eta kriminalizazio kasuen aurrean, gure buruen defentsarako bitartekoak eskaintzeko asmoz Jazartuon Babes Kutxa aurkeztea erabaki genuen duela pare bat hilabete. Jada lehen jazarpen kasuei erantzun dien autodefentsarako mekanismo honek gazte langileok jasaten ari garen eraso ezberdinen aurrean erantzun antolatu bat emateko helburua du. Jazartuon Babes Kutxak zertan datzan azaltzeko, datorren asteetan artikulu honen bigarren zatia argitaratuko dut. Bitartean, Buruntzaldeako GKSren sareetan aurkitu daiteke honen inguruko informazio desberdina.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!