Mugak Zabalduz karabanak gogorarazi digu urrutiko gatazkak ez direla soilik pantaila bidez ikusten: telebistak edo ordenagailuak ispilu ere badira, eta Andoain ispiluaren aurrean jartzen bada gure herrian 1937. urtean kokatu zen Sociedad Anónima de Placencia de las Armas SAPA armagintza enpresa agertuko zaigu [Leyçaur 13 liburuan Victor Placencia Mendiak “SAPA. Trayectoria histórica de una empresa (1935-1985)” lana argitaratu zuen].

80ko eta 90eko hamarkadatan herriko talde antimilitaristan aritu ginenok soldaduskaren aurkako borrokaren bidez gizartea desmilitarizatzea eskatzen genuen, baina garai hartan publikoki gure kezketako bat adieraztera ez ginen ausartzen: Andoainen bertan gerrarako produktuak egiten zirela. Garai horietan krisi ekonomikoak gogor jo zuen, industria asko itxi zen, langabetu kopurua handia zen…, testuinguru horretan ez genekien nola landu kasua. Barne bilerak eta armagintzari buruzko formazio saioak egin genituen adituekin, baina sekula ez genuen publikoki gure herriko enpresari buruz ezer esan: langileekiko kezka genuen, ez soilik krisiaren kolpeak jasaten zituztelako, andoaindar langileak ez genituelako militarismoaren kolaboratzaile bezala agerrarazi nahi. Bestalde SAPAn oihalgintzarako makinak ere egiten zirela bagenekien, eta enpresak ekoizpen zibilean etorkizuna izateko itxaropena genuen.

Soldaduska desagerrarazi genuen, eta egun, gizartean gerraren aurkako iritzia geroz eta zabalagoa denean, Sapaplacencia.com  webguneak erakusten duen bezala, Andoainen tankeentzako abiadura kaxak edo hegazkinen aurkako kanoien mantentze lanak egiten dira. Espainia, Turkia edo Estatu Batuetako armadak izan dituzte bezero. Produkzio militarrean ez da etenik egon 81 urtetan zehar, baina etorkizunerako beste aukera alternatiboak aztertzeko garaia iritsi daiteke. Mugak Zabalduz karabanaren Andoaingo geldialdia baino lehen, ez da herriko eragile ezberdinekin edota langileekin gaiaz mintzatzeko denbora asko egon, baina garbi dugu enpresaren produkzioa aldatzeko edozein proposamenean lanpostuen egoera lehentasunez aztertu beharko dela. Prozesu konplexua da armagintza industria jendartearentzako onuragarria den industria zibil bilakatzea, eta gizartean kontzientzia sustatu beharko da, herri administrazioak, enpresak eta sindikatuak norabide horretan lanean jar daitezen. Epe motz, erdi eta luzerako plangintzatan pentsatzen hasi beharko da, gerrarako ekoizpenik gabeko Euskal Herria helburutzat duen politika ekonomikoetan pentsatzeko garaia baita.

Gatazken ispiluan ikusten duguna aldatzeko borondatea badugu, hemendik aurrera herrian bertan lanketa hori egiteko aukera berriak sortu beharko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!