Beste hitz batzuetan: Europak zehaztutako azken legedia ere gainditu dugu (%65eko gaikako bilketa 2035ean). Urte hasieratik gainerako langak ere gainditu ditugu pixkanaka (%50a, 2020rako, %55a, 2025erako eta %60a, 2030rako). Hori gutxi balitz, errefusa asko murriztu dugu: urtarrilean bildu ziren 203.030 kg-tik abuztuko (azken datuak) 112.580 kg-ra pasa gara. Bitartean, materia organikoaren bilketa izugarri hazi da: kaleko edukiontzi marroietan 2018ko abenduan 42.980 kg jasotzetik, maiatzeko 85.000 kg-tara. Eta merkatari eta sortzaile handien organikoaren bilketa bereiztuari dagokionez, 2018ko abenduko 12.180 kg-tik maiatzeko 21.530 kg-tara, esaterako. Albiste onak izanagatik ere, ez dugu guardia jaitsi behar eta gaikako bilketa hobetzeko lanean jarraitu behar dugu. Zentzu honetan, udako festa bakar batean ere gaikako bilketako frakzio ezberdinetako edukiontzirik egon ez izana akats larri bat bezala ikusten dugu. Horren haritik, edukiontzietatik kanpo poltsak uztea saihestu behar dugun ekintza bat da, edota organikoa poltsa konpostagarrietan ez botatzea, plastikozkoetan baizik. Gogoratu beharra dago hondakin organikoa soilik poltsa konpostagarrietan edo granelean (konpostagarria ez den poltsa barruko materia organikoa edukiontzian zuzenean hustu eta poltsa ez konpostagarri hori dagokion edukiontzian bota) bota daitekeela, edukiontzi marroian. Gogoan hartu Atarian (herritarren arreta zerbitzua) dohainik banatzen direla poltsa konpostagarriak.
Poltsa konpostagarrien banaketa hobetzeko lan egingo dugu, horien banaketa ordutegia zabaldu eta herriko zenbait puntutan banatzeko makinak jartzeko herritarren eskura, beste udalerri batzuetan bezala.
Azkenik, adierazten dizuegu irailean zehar alderdi guztiekin bildu ginela eta zenbait proposamen helarazi genizkiela: poltsa konpostagarrien banaketa hobetzea, festetan gaikako bilketa burutzeko edukiontziak jartzea beti eta gaikako bilketa hobetzeko pausu ezberdinak ematea. Azken hori bereziki garrantzitsua dela deritzogu,
geroz eta gaikako bilketa altuagoa izan, orduan
eta gutxiago ordainduko baitugu. Ingurumena hobetzeaz gain.
Garapena datu bidez
Errefusa:
- 203.030 Kg. Urtarrila, 2019
- 112.580 Kg. Abuztua, 2019
Materia organikoa:
- 42.980 Kg. Abendua, 2018
- 85.000 Kg. Maiatza, 2019
Sortzaile handiak:
- 12.180 Kg. Abendua, 2018
- 21.530 Kg. Maiatza, 2019
Gaikako bilketa:
- % 50,68 Urtarrila, 2019
- % 63,20 Otsaila, 2019
- % 66,40 Uztaila, 2019
- % 62,64 Abuztua, 2019
*Iturria: Mankomunitatea