Tolosaldeko Mankomunitateak publiko egindako azken datuetan %66 ingurutik %62ra jaitsi da gaikako bilketa. Lehen datuan egonkortua zeraman Andoainek hilabete luzeetan zehar (martxoko datuak salbuetsita, inoizko onenak, non %68ko gaikako bilketa gainditu genuen), eta orain beherakada eman da.
Hori guztia ikusita, eta aurretik zegoen aipatutako datuen egonkortasuna hautsi eta gaikako bilketan aurrerapausoak emateko, "Andoaingo Ituna" berregokitu dugu, eguneratuz eta zenbait neurri batuz: auzokonpostaren hobariaren igoera (egun, lan gehiago behar eta tratamendu/bilketa gastuak aurrezten badira ere, hobari baxuena du, %15), betiere autokonpostaren pare edota behintzat edukiontzi marroiaren erabiltzaileen gainetik kokatuz. Honek ez du esan nahi beste hobariak (edukiontzi marroia, autokonposta) igo edo mantendu behar ez direnik, soilik esfortzu gehigarria saritzea eskatzen da. Hurrengo ordenantza fiskaletan txertatu beharko litzatekeela deritzogu.
Bestalde, behingoz organikoa jasotzeko poltsa konpostagarrien banaketa errazteko bi makinak martxan jartzea; merkataritza eta ostalaritzako establezimenduen atarian jasotzen diren frakzioak gehitu (errefusa…) eta beste batzuen bilketa hobetu (kartoi komertziala), betiere Tolosaldeko Mankomunitatea zein merkatari-ostalariekin elkarlanean.
Beste hainbat proposamen: Herriguneko ibaiertzetan hesi metalikoak jartzea aztertzea, plastikoak erortzea zailtzeko (Gipuzkoako zenbait udalerritan egin moduan); landa eremuko zenbait edukiontzi gune osatu; zakarrontzi selektibo gehiago ezarri; fiskalitate justu baterako hondakinen sortzez besteko ordainketa ezartzea aztertu; puntu beltzak (edukiontzi guneak) identifikatu eta neurri zuzentzaileak hartu; %70eko gaikako bilketa gainditzea 2021ean zehar; birziklapen tailerrak antolatu; pedalak ezarri edukiontzi marroietan ere irisgarritasuna hobetzeko…
Horretarako, denon elkarlana beharrezkoa izango da eta badakigu denon esfortzuarekin lortu dezakegula. Halaber, irailaren 10ean gobernu taldea osatzen duten alderdiak irailean zehar egiteko bilera batera deitzeko mezua bidali genien hau guztia aztertzeko. Aurrerago gainerako alderdiekin ere biltzeko asmoa dugu.
Jarrai dezagun hobetzen!