Ipar Haizeatik gure kezka adierazi nahi dugu datu horiekin: argitaratutako azken datuen arabera, urrian Andoaindik 150.000 kg. baino gehiago bidali genituen errefusa gisa, eta gaikako bilketa %60 pasatxoan kokatu zen. Sistema berria hasi zenetik, oro har, eta jada koronabirusaren pandemiaren hasiera aldera edukiontziak zabalik utzi zirenean gertaturiko errefusaren hazkundea alde batera utzita, urrian azkenaldiko errefusa kopururik handiena sortu dugu. Hori ez da batere ona, ez ingurumenarentzat, ez osasunarentzat, ez herritarron poltsikoarentzat; geroz eta errefusa gehiago sortu, orduan eta gehiago ordaintzen baitugu guztiok.
Herritarron aldetik arduraz jokatzeko garaia dela uste dugu, baita alderdi politikoen aldetik ere. Horregatik, zenbaitetan aipatu dugun moduan, guk lanean dihardugu eta jarraituko dugu gaikako bilketaren hazkundea aurrera eramateko eta honekin lotuta, ahalik eta errefusa kantitate txikiena lortzeko.
Bide horretan, “Andoaingo Ituna” gisa izendatu genuen dokumentua sortu genuen, aurrerapausoak emateko gaikako bilketan, betiere akordioan oinarrituta. Bertan, besteak beste, poltsa konpostagarrien banaketarako 2 makina jartzea (jada prozesuan dagoena), edukiontziei pedala ipintzea irisgarritasuna hobetzeko (jada jarrita), modu narratsean dauden edukiontzi guneak kontrolatzea eta beharrezko neurriak hartzea egoera berbideratzeko, %70eko gaikako bilketa lortzea epe jakin batean (eta gutxienez, edozein kasutan, %65etik ez jaistea hilabetez hilabete gaikako bilketan), komertzio eta ostalaritza establezimenduei jasotzen zaizkien frakzio kopuruak gehitu eta zenbait hobekuntza landu, bertako partehartzaileak gehitu...
Hori, hala ere, guk uste genuen baino epe luzeagoa hartzen ari da denboran, baina espero dugu falta diren erantzunak laster ailegatzea eta behingoz neurri eraginkorrak hartu ahal izatea guztion adostasunarekin. Hala ez balitz, ulertuko genuke konpromiso falta dagoela eta ez dela garrantzia handia duen gaia, berez beharko lukeen bezala, garrantzia handia baitu.
Azkenik, guztiontzako mezua zabaldu nahi dugu: arduraz joka dezagun, ez utzi poltsak edukiontzi inguruetan botata eta horren ordez utzi ditzagun gaika sailkatuta dagokion edukiontziaren barnean, errespeta dezagun tamaina handiko hondakinak ateratzeko egutegi eta ordutegia, hots, astelehenetan 20:00tatik aurrera atera, bilketa zerbitzuak asteartean goizean goiz hasten baitu bilketa; bestela, gainerako egunetan Aranaztegi –lehen Leizotz– poligonoan dagoen Andoaingo garbigunera eraman behar dira, hauek enbarazu egin gabe utzi eta edukiontziak ukitu gabe eta hauetarako bidea oztopatu gabe, organikoa beti poltsa konpostagarrian bota edo granelean bestela edukiontzi marroian...