Izan ere oraindik ezin dugu ahaztu iaz Udalak egin zuen saiakera kamuflatua edukiontzien txartela kentzeko. Barne irizpideen aurka onartu zuen proposamen bat edukiontzien txartela kendu eta hauek irekiak uzteko.
Gure taldetik aurkeztutako proposamena honakoa izan da: gaur egun Andoaingo materia organikoaren eta errefusaren edukiontziak itxita daude eta txartel batekin zabaltzen dira. Txartela, noski, erraza da etxean ahaztea eta beraz, erabilgarritasuna galtzen da tarteka. Horregatik, proposamena da materia organikoaren nahiz errefusaren edukiontzien sarrailak bateratzea, kudeaketa errazteko eta baita, horrekin batera, erabilgarritasunean telefonoarekin aplikazio baten bidez edukiontziak zabaltzeko aukera ere edukitzea. Honek erraztasuna emango luke, beti ere egungo txartela mantenduaz.
Andoainen hondakin sistema aldaketak inoizko bereizketa tasa handiena ekarri zuen (2020 martxoa). Organikoa eta errefusa ixteak eta azken honek astean lau aldiz irekitzeko aukera emateak %46tik %65eko bereizketa tasara salto egitea ekarri zigun. Honetan sakontzeko eta erraztasunak emateko edukiontzien sarraila APP (aplikazio) bidez irekitzeko metodoa "ikertzea" proposamena aurkezten dugu, jakinda organikoarentzat horretan ari direla, ezinbestekoa eta logikoa iruditzen zaigu, errefusarentzat ere APP berbera erabili ahal izatea, erabilgarritasunaren eta birziklapenaren izenean.