Itun honen betetze mailan aurrerapausoak eman dira geroztik, eta puntu gehienak beteta daude edo betetzen ari dira: saretxo metalikoak jarri ziren plastikoak ibaira (eta ondorioz, itsasora) ez erortzeko espigoiean nahiz Santa Krutz zubian, 5 edukiontziak ipini ziren herriguneko eredua jarraituz Goiburu nahiz Celulosas inguruan, jaietan gaikako bilketa selektiboa egitea, sentsibilizazio kanpainak burutzea… Hala ere, puntu garrantzitsuenean (%70ko gaikako bilketa lortzea 2022rako, eta %65etik ez jaitsi) oraindik tartea dago lortzeko. Data gerturatzen zihoan heinean, Andoaingo Itunaren jarraipen bilera ezberdinetan ez ginela ailegatuko garaiz aipatzen genuen, eta hala izan zen. Andoainen ez genuen %70ko gaikako bilketa lortu, eta nekez %65a hilabete gutxi batzuetan.
Gaikako bilketa dezente jaitsi zen eta organikoaren bilketa kg-ak baita ere, errefusa igoaz. Tartean, neurri batzuk hartuko zirela aipatu zuten udal gobernutik (batez ere, sentsibilizazioa), baina ez dira izan nahikoa eraginkorrak, ikusi denez. Eta hartutako neurrietako baten kasuan, saretxo metalikoak ezartzea, motz geratzen dela deritzogu, soilik puntu oso konkretu batean geratzen delako, gainerako zubiak eta Makaldegian irtenbide bat eduki gabe, nahiz eta Diputazioaren dirulaguntza eskaera egiteko aukera eduki, eta okerragoa dena, eskaera hori ez egitea eta aurrerapausoak ez ematea ondorioz.
Gauza bat eta beste, legegintzaldia amaitzear da eta oraindik ere %70ko gaikako bilketa ez dugu lortu. Pandemia aurretik %65ko gaikako bilketa inguruan mantentzen ginen, 2020ko martxoan %68an gaina jo genuen arte eta ondoren %60raino jaitsi zen momentu batzuetan bereizketa tasa. Dauzkagun azken datuen arabera, 2023ko urtarrilean etxebizitza eta komertzioetan %65 pasatxokoa izan zen, eta %59koa industriaguneetan. Otsaila eta martxoan datu horiek pare bat puntu jaitsi dira berriro.
Horregatik, hauteskundeen ondoren Udalean sartuko diren alderdi politiko nahiz zinegotziei honakoa eskatzen diegu: gaikako bilketak %70a gainditzeko neurri eraginkorrak har ditzatela. Ipar Haizeatik bidelagun izango gara hobetzeko neurriak hartzean eta proposamen zehatzagoak egingo ditugu baita ere. Baina denon artean, adostasunez, neurriak hartzea ezinbestekoa izango da.