Hondakinen tasaren igoerari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Ipar Haizea plataforma 2024ko urr. 25a, 09:22

Berriki, Andoaingo Udalak Ordenantza Fiskalak onartu ditu 2025rako, bertan hondakinen tasan %25ko igoera iragarri duelarik. 2026ko Ordenantza Fiskaletan ere beste %25 igoko litzateke, kostu osoa kubritzeko konpromezuan. 

Igoera nabarmen hauek ez dira ausaz egin: Europako direktiba baten ondorioa dira, 7/2022 Legean, apirilaren 8koa, hondakin eta lur kutsatuena ekonomia zirkular baterako, zehaztu zena Estatuko legediaren barruan (hau da, Europako direktiba hori modu horretan txertatu zen Espainiako legedian). Bertan zehazten den kontuen artean, tasen bidez biltzen den diruak hondakinen bilketa eta tratamendu kostuaren %100 ordaindu beharko duela adierazten da.

Lege hau derrigorrez bete beharrekoa da eta 2022tik zabaldu zen honetara egokitzeko tartea, 2025ko apirilera arteko epearekin. 

Andoainek Tolosaldeko Mankomunitateari udalak ordaindu beharrekoa 1.449.000€ da, kostu honetan hondakinen bilketa eta tratamendua barne hartzen delarik. Baina tasen bidez soilik 963.500€ bildu ziren, beraz ia 500.000€-ko defizita sortzen da (zehazki 485.500€), lege honen arabera, tasek bete behar dutena guztiz. Orain arte udalak beste kontuengatik biltzen duen dirutik kubritzen zuen, baina aurrerantzean ezingo du hau egin. 

Defizit honen barruan tratamenduaren kostua dago tartean. Kontuan hartu behar da errefusa dela tratamendu kostu altuena duen frakzioa, 2024an 204,26€ tonako, baina urtero igo ohi dena. Adibide bezala 1.640.622 kg (1640,622 tona) errefusa bildu ziren Andoainen, hau da, 335.113,45€ ordaindu genituen. Errefusa Andoaingo hondakinen sorrera osoaren %39,15 izan zen. Egiazko errefusa hondakinen %20 inguru dela kontuan hartuta, lan handia dago egiteko oraindik ere.

Gainera, 2023an Andoainen  hondakinen gaikako bilketa %60,85ean kokatu zen, Europako 2020 (%50), 2025ko (%55) eta 2030 (%60), baina 2035koak (%65) oraindik ez betetzen, eta Andoaingo Itunean zehaztutako %70a ere ez betez. 

Andoainen neurri zuzentzaileak hartu beharra dago helburuak betetzeko, eta bide horretan, guztion artean pauso eraginkorrak eman beharra dago. 

Horrela, oso garrantzitsua da guztiok (etxebizitza, komertzio, industria…) hondakinen bereizketa egokia egitea beti. Modu horretan, guztion onurarako izango da, bakoitzak bere aletxoa ipinita: geroz eta errefusa gutxiago, gutxiago ordainduko dugu eta errefusa gehiago sortzen badugu, gehiago ordainduko dugu. Gaikako bilketa egokiak naturatik atera beharreko material berrien murrizketa suposatzen du.  

Denok batera Andoain jasangarriago baten alde! 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!