Herriko jaiak altxor kultural preziatua dira, urtez urte bizirik iraun eta behar den moduan zaintzen ditugunak. Guztioi iruditzen zaigu norberaren herriko festak bereizgarri propioak dituztela, inork ezin arbuiatu dituela. Hala ere, munduko hainbat ospakizunekin parekatuz gero, hain ezberdinak al dira? Nik esango nuke cromagnon gizakiaren biziera ere ez zela izango gaur egungo garagardo-azokaren hain desberdina. Izan ere, mundu osoko jaietan eta gizakiaren historian elementu komunak ageri dira: jatea, edatea eta musika.
Jakina da Euskal Herrian ia jai guztiak santuen edo ama birjinen inguruan egiten direla: San Fermin, Ama Zuria, Santo Tomas, Karmengo Ama, Santioak… Eliza katolikoak ekarri zituen, bai santuak bai eta gauza sakratuak ere, baina festak lehenagokoak dira. Gure arbasoen jaiei dagokienez, urtaroek, arrantzak, uzta biltzeak, eguzkiaren eta ilargiaren faseak eta abar ageri dira haien egutegian. Ostera, gaur egun gehienak desagertu egin dira gure gizarte-balioetatik, denak ez esatearren. Eskerrak Inauteriak eta akelarreak geratzen zaizkigun, Europako azken indigenak garela baieztatzeko!
Gehienok bizitza itsasotik eta mendietatik urrun samar egiten dugu aspalditik. Urtaroek berogailua piztu ala ez jakiteko balio digute eta ilargia non dagoen ere ez dakigu mugikorretako linternak asmatu zirenetik. Udaberriaren hasiera ospatzeak ere, Ibizako azken hippyen artean bakarrik du arrakasta. Horiek horrela, argi dago gauzak asko aldatu direla azken urteotan: gizartea eta gazteak gero eta urrunago gaude, zoritxarrez, naturatik eta, zorionez, elizatik.
Baina, tira, orduan, zer demontre da gaur egun ospatzen duguna? Gizakia hasieratik agertu da jaiaren errituari lotuta, taldean eta modu antolatuan poza adierazteko. Denok sentitzen omen gara leku edo herri baten zati, eta horren lekuko dira oraindaino bizirik dauden jaiak. Lehen santua-edo omentzen genuen, orain, ordea, gehiago ikusten dut nik euskal nortasuna, kultura eta izaera aldarrikatu nahia. Hori dela-eta, hor ibiltzen gara, goizeko lehen orduetatik, baserritar jantziak lisatu, bertsolariak entzun, konpartsan, edo kantu-jiran izerditzen.
Hala ere, garaiari erreparatuz, azken urteotan zenbait aldaketa sumatu dut gure inguruko jaietan; genero-rolei eta harremanei dagokien horretaz ari nahiz. Entzun besterik ez dago udako jaietan gertatzen direnak: emakumeon kontrako indarkeria eta erasoak, emakumeek jaietako hainbat ekitalditan parte-hartzearen inguruan sortutako auziak…
Antropologo grinatsu moduan, uste dut jaietan herri baten ohiturak eta nortasuna mantentzea garrantzitsuak direla, baina funtsezkoagoa iruditzen zait gaur egun pertsona ororen oinarrizko eskubideak betetzea.
Egia da emakumeon jaietan parte-hartzeko interesa gero eta handiagoa dela; horren adierazgarri dira, parekidetasunari keinu bat eginez, aurten Behar Zanak antolatu duen pala txapelketa mistoa, Soka-dantzan emakumeak ere izatea Behar Zana, bolo taldeko emakumeen parte hartzea, sexu-erasoak ekiditeko eta feminismoaren inguruan gaztetxeak antolatutako jarduerak. Gainera, taldean poza adierazi edo ondo pasatzeko horrelako ekintzak egitea, askoz ere indartsuagoa izaten da edozein ideia politiko, sinbolo edo diskurtso baino.
Hala ere, asko dugu egiteko; estereotipo eta rol asko ditugu hausteko. Gatazka hori behin betiko gaindituz gero, uste dut kulturalki ere aurrera egiteko aukera berriak irekiko genituzkeela, herritarrok beste era bateko jaiak sortu eta herri-nortasun berri bat garatuko genukeelako. Jaietan ondo pasa, disfrutatu eta errespetatu!