Administrazio publikoak eta korporazio pribatuek zuten errauste planta bat eraikitzeko asmoak eraman gaitu Gipuzkoan Zero Zabor helbururantz jotzera. Hau da, konposta gehiago egin, hondakinak murriztu, berrerabili, birziklatu eta zabor gutxiago sortu nahi izatera. Baina argi izan behar dugu honekin soilik ezin dugula ziurtatu hamar urte barru erraustegia izango ez dugunik. Eta horretarako bidean bada puntu garrantzitsu bat, jendeari ahaztu zaiona; 2011ko maiatzeko hauteskundeak.
Bildu koalizioak hankaz gora jarri zuen Gipuzkoako panorama politiko-instituzionala, lehen indarra izan baitzen Batzar Nagusietan. Eta hori gutxi balitz, Gipuzkoako udalerri gehienetako alkatetzak ere lortu zituen. Honek panorama berri bat ireki zigun Gipuzkoan, zorionez, errauste plantaren etorkizunaren kalterako. Bildu koalizioak Gipuzkoako udal eta foru hauteskundeetako programan agindu zuen, bere helburuetako bat hondakinak gutxitu, berrerabili, birziklatu eta errauste plantaren proiektua geldiarazteaz arduratuko zela; besteak beste, Amasa-Villabonako Udalean. Horregatik egin dute atez atekoaren aldeko apustua, birziklatze tasarik handienak lortzen dituen sistema delako. Erraustegi hipotetiko baten elikagaia, zabor nahasia, izugarri murriztuko lukeelako, honen funtzionamendua bera arriskuan jarriz.
Bestetik, beste eztabaida nagusia inposaketarena da. Bilduk gobernatutako udaletan sistema hori ez inposatzeko eta herri galdeketa bat egiteko eskatzen dabiltza atez atekoaren kontrako plataformak. Baina galdeketa, zehatz-mehatz, atez ateko sistemari buruzkoa da. Erraustegi planta ez baita beraientzat eztabaidagarria, “Hori beste arazo bat dela” esaten dute (Patxi Amantegi, Villabonako zinean). Beraz, bitxia da orain PNVk erreferenduma nahi izatea. Zer interes dute, bada? Eta nire galdera da, galdeketa zertaz? Nola? Galdeketa egiteko, argi eduki beharko genuke birziklatzea ez dela eskubide bat, betebeharra baizik; eta kutsatzea ez dela eskubidea, baizik eta debekua. Orduan, zein izango litzateke galdera; zer egin behar den birziklatu ezin den zati txiki horrekin, ezta? Eta ez, beraiek esaten duten bezala, atez atekoa bai ala ez?
Eztabaidak eztabaida, goazen gutxiago kontsumitu, produktuak berrerabili, naturaren zikloan berriz sartu, hondakinak gaika sailkatu eta ama lurrarekin armonian bizitzeko oinarriak berreskuratzera. Mundua aldatu nahi izateak, norberak bere mundu txikitik aldatzea esan nahi du. Errauste plantaren aldeko apustuaren atzean (=5.edukiontzia) kontsumo eredu zehatz bat ezkutatzen da, ahalik eta denbora gutxienean kontsumitzera bultzatzen gaituen eredu ekonomiko asegaitza: Erabili eta bota.
Horregatik, eskerrak Amasa-Villabonako Udalari hondakinak bereizteko aukera emateagatik. Aukera guztiak jarri dizkigute mahai gainean, zabor tasa gutxiago ordaindu, hondakinak birziklatzeko erraztasunak jarri eta auzokonposta egiteko aukerak eskainiz.
Eta bereziki eskerrak eman nahi dizkiot Galder Azkue alkateari, benetan proiektu honetan sinesten duelako eta ingurumenean osasuntsu bizitzeko eskubidea defendatzen ari delako buru-belarri. Eman diezaiogun guztiok aukera Atez atekoari eta harrotasunez parte hartu aurrean dugun erronka polit honetan.