Kontsejupea, eskola onena

Erabiltzailearen aurpegia Jon Eskudero 2018ko uzt. 13a, 02:00

Garai batean bai, makina bat kilometro egiten zuen gure aitak aurrera eta atzera kotxean, bi semeetako bat hartu eta rantxerak kantatuz, pilota partidetarako bidean. Ordea, aspaldian dezente utzia zion gu ikusteari, ilusioa galduta edo.

Horregatik, ezusteko polita eman zigun Kontsejupeko finaletara agertu zenean. Bi semeak elkarren aurka izaki, ardiak zaindu baino nahiago izango zuen finala ikusi. Pilotalekuaren aurre-aurrean jarri zen pilota hotsak gertutik entzuteko, eta jaialdiko lehen partidan, zur eta lur geratu omen zen pilotari batekin: Nora Mendizabalekin. Sekula ikusi gabea omen zuen neska bat pilotan, eta hark adina poz ez omen zion ezertxok eman egun hartan. Ezta gerora egindako bazkari latzak ere.

Jaialdiko bigarren neurketa zen gurea: Arruti eta Eskudero II.a Gomez eta Eskudero I.aren artekoa. Gogor joan zen finala, batez ere bezperan kosta zitzaigulako etxera erretiratzea. Txapela burura eramanda eta anaiari irabazi nionez, irribarrea nuen ahoan, baina uso demonio kendu zitzaidan. Izan ere, aitak esan zigun ez zuela tanto bakar bat bera ere ikusi. 95 urteko gizon bat hurbildu omen zitzaion ondora, eta haren hitzak interesgarriagoak izango ziren gure pilotakadak baino. Gizon hark, abizenez Erkizia, izugarri ondo jokatzen omen zuen gaztetan Kontsejupean, eta Atano handiaren kontra apustu bat egitetik gertu izan zela esan zion. Hitzartuta zegoela guztia, ziur zegoela irabaziko zuela, baina Gerra garaiak zapuztu zuela hainbeste desiratutako apustua.

Beste garai batzuk ziren, baina orain baino indar gehiago zuen Kontsejupean pilotan aritzeak. Argazkietatik soilik eman dezaket iritzia, baina egunero lasterka ibiltzen omen ziren frontoian nork lehenengo tokia hartuko. Duela hogei urte ere, antzeko ibiltzen ginen gu eskolatik aterata, arratsalderoko plana izaten genuen eta bertan jolastea. Orain, berriz, askotan ikusten dut hutsik Udaletxe azpia. Garrantzitsuago bihurtu da ingeles, judo, pilates eta futbol klaseetara joatea. Oraindik ez dakit zer den guraso izatea, baina inork uste duena baino eskola hobea litzateke Kontsejupea, bai bizitzarako eta bai pilotarako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!