Bada, kontua da, gero eta gutxiago sinesten dudala justizian. Epaileetan. Lege eta Konstituzioan. Espainiako justizian azken finean (besterik ez dut ezagutzen “epaitzeko” moduan). Ez baitzait iruditzen “ezkerretik eskuinera” doazen “arazoak” eta “eskuinetik ezkerrera” datozenak modu berean neurtzen direnik. Are gehiago, abertzaletasun mota ezberdinekin (izan galegoa, katalana, andaluza, espainiarra) ere berdina gertatzen dela esango nuke. Kasu batzuk mahai gainean jarriko ditut konpara ditzazuen: “Cara al Sol” abesten eginiko manifak, Altsasuko gazteak, GAL, 15-M, Urdangarin, “Procés”-a, PP-ko ustelkeria… Benetan iruditzen al zaizue justizia berdin aplikatu dela kasu guztietan? Proportzionaltasun berdinarekin? Edo legeak irakurtzeko bi modu daude? Kasuak ezagutu eta alderatuta ustel usaina datorkit niri. Baina… honekin ere sentipen ezberdinak izango ditugu denok ziurrenik…
Nik bezala, justizia injustu baten azpitik gaudela ikusten, pentsatzen, sentitzen… baduzu, zergatik isildu behar dugu? Zergatik isildu behar du Kataluniak? Eta ez naiz independentziaz ari, hitz egiteko aukeraz baizik. Sentipen eta emozio ezberdinei hitza eman, askatasun osoz, aldekoak eta kontrakoak esan. Entzun. Pertsonen gisa eztabaidatu, alde eta kontra egongo direnak batuz. Kanpaina egin. Zer du txarra herriak herriarentzat nahi duen hori bozkatzeak? Gizartearen zati bat “galtzen” aterako dela bozkatu ez duen horren kontrakoa onartu beharko duelako? Neuk ere ez nuen Marianito bozkatu, eta begira zer daukadan. Hori da “demokrazia”, ezta? Gehiengoaren diktadura alegia.
Ni ez naiz inor inori zer egin behar duen esateko. Baina hemen, Euskal Herrian ere, abizen ezberdineko sentipenak ditugu gure herriarekiko. Ez gaude Katalunian, baina, ez erreprimitu, ez isildu. Bozkatu. “Bai, Ez ala Zuri.” Baina bozkatu. Azaroaren 5ean, Andoainen, emozio horiek guztiak hautestontzietan sartzeko aukera izango baitugu. Gauzak aldatzen hasteko beste biderik ez baitago. Izan legea, justizia edo konstituzioa. Emozio eta sentipenei hitza jartzearena besterik ez. Dena den, oraingoan ere, aukera hau… Gure Esku Dago!