Erosi eta saldu. Hori da zuek buruan duzuen binomio kapitalista bakarra. Saldu duzue herri bat. Baina, zer erosi duzue trukean? Hemendik lau urtera Diputazioan edo Jaurlaritzan karguak? Soldata igoera lau urterako? Zer? Badakit eta hau ez dela musu-truk, eta musu-truk izango balitz ere, andoaindarroi garesti atera(ko) zaigu.
Eta ez nabil hatzarekin hutsa seinalatuz. Ez nabil gezurra diozuela argudiorik gabe esaten. Gezurrok zein diren? Egiten duzuen politika bera. Berdintasun politika egitea ez baita martxoaren 8an ezpainak morez margotzea. Berdintasuna, politika iristen den eremu guztietara zabaltzea baizik. Horregatik, iritsi da lehen plenoa eta Tokiko Gobernuko parekidetasuna hautsi eta berdintasun zinegotzia kanpoan utzi duzue.
Euskararen aldeko politikak egitea ez da Korrikan kilometro bat egitea. Politikan ere euskara erdigunean jartzetik hasten da. Horregatik, iritsi da lehen plenoa eta alkate berriak aurrerantzean erdara hutsean arituko dela adierazi diguzue.
Garraio Publikoaren aldeko politika egitea ez da AHT eraikitzea (eta lagunen enpresak diruz jostea). Ez da garraio publikoaren aldeko politika, munstro hau eraikitzeko Andoaindik pasatzen ziren ohiko autobus zerbitzuak, beharrezkoak genituenak, murriztu dizkiguzuelako.
Ingurugiro politika egitea ez da bosgarren edukiontzia jartzen den egunean zaborrontziaren aurrean argazki bat ateratzea. Erraustegia da nahi duzuena (berriz ere dirua poltsikora), ez bosgarren edukiontzia. Bestela, adibidez, zuen eskumenekoak diren Osakidetzako osasun-zentro guztietan birziklapen sistemak ezarriko zenituzkete. Gaur egun, ez duzue deus birziklatzen, badakizue, munstro horri ere jaten eman nahi diozuelako.
Eta jarraitu nezake gizarte, gazteria, hiri politikekin… Mass-Media eta sare sozialez egiten duzuen erabilerarekin... Zuen gezurrek sutan jartzen bainaute, baina bakarrik 2.500 karaktere ematen dizkidate zutabe honetarako. Legegintzaldia hasi berri dugu, baina niri luze egingo zait. Ezin dudalako aurrez aurre ez doazen pertsonekin. Eta hau, azpi-jokoaren legealdia izango da. Aurrekoek ez zuten dena ondo egingo, baina behintzat, ez dute argazki bat atera eta gero kontrakoa egiten. Kontrakoa egiten eta izaten. Egiten ditugun gauzek definitzen baikaituzte. Hori horrela, zer zarete? Ez asko pentsatu, nik esango dizuet: adierazi nahi diguzuenaren kontra doan guzti hori...