Ez dut uste inoiz erabili dudanik esapide hori inori buruz hitz egiterakoan, baina, joan den ostiral arratsaldean, whatsapp bidez Iñakiren heriotzaren berri eman behar izan nuenean, horixe sortu zitzaidan, barru-barrutik: gizon haundi bat hil da, Iñaki Aranzadi.
Nik Iñaki orain hamazazpi bat urte edo ezagutu nuen, plaza aldera bizitzera igo ginenean, eta geroztik plazan maiz egiten baikenuen topo, elkarrizketa gutxi batzuk nahikoa izan nituen sumatzeko gizon hark bere baitan gordetzen zuen aberastasuna. Zer zen, baina, aberastasun hori? Jakituria? Zintzotasuna? Jatortasuna? Apaltasuna? Zalantza izpirik gabe, oso jakituria handikoa zen, baina ez zuen berehalaxe azaltzen. Besteek zeukaten, bere solaskideek azaltzen zioten egia ezagutu nahi izaten zuen aurrena beti, eta gozo-gozo hartuko zintuen, hizketarako gaia aterako zuen, entzungo zizun behar beste eta gero etorriko zen bere iritzia, bere ikuspegia. Eta hortik aurrera, elkarrizketa nahi beste luza zitekeen...
Gizon argi eta burutsua, inork ez bezala itsatsi zidan hainbat pentsamendu eta jokamolde gogoan, baita bihotzean ere. Edozein gairi helduko zion, baita arantzatsuenei ere, gogozabaltasun handiz. Beti begirunez eta zuhur hartuko zintuen, irribarre batekin, baina gaiaren arabera bazekien haserretzen, haserreak gutxi iraungo bazion ere. Inoiz ez zidan galdetu zergatik ez nuen parte hartzen Urnietako kristau elkartean, bai baitzekien gaztaroan ordu asko elizan ibilitakoa nintzela; inoiz ez zidan galdetu gure seme-alabek zergatik ez zuten Jaunartzerik edo Kristau-ikasbiderik egin... Eta beti aurkitu nuen prest hizketarako, solaserako, eztabaidarako, ahal zuen laguntza emateko... Eta beti prest bere jakintza eta eskarmentuak agintzen zion aholkua eskaintzeko...
Gezurra esango nuke aitortuko ez banu gai batzuekiko begiak zabaldu zizkidala guztiz; maiz bere jokabideak harritu egin ninduela; Ebanjelioaren egia, ebanjelioaren etika lehenago inoiz ez bezala ulertu eta gogopetu nuela Iñakiren irakatsiei esker.
Aurrerakoia, alaia eta bertsozalea, umore onik ere ez zuen falta, ez horixe.
Bere kezkarik biziena haurrekikoa zuen; haurrak ikusten zituen mundu honetan babesgabeen eta haiek maitasunean nola hezi zuen buruhaustea. Horri buruz idatzi zituen bere azkeneko artikuluak Aiurrin eta horri buruz ere eman zidan irakatsi handirik, inoiz ahaztuko ez dudana.
Gaixotasunak hartu zuen azken urteetan, baina lanari eutsi zion; esan bezala, Aiurrirako hainbat lan idatzi zuen eta beste mordoska bat dugu oraindik esku artean argitaratzeko, apurka-apurka argia ikusiko duena bere oroitzapena laguntzeko.
Berarekin izan nituen solasaldiak gordeko ditut betirako gogoan, horiek bai perlak!! Hasieran hainbat konturekin ez nintzaion ausartuko, baina azkenerako honetaz eta hartaz gogokidetasun osoz hitz egiten genuen. Urnietako elizari eta eliz-elkarteari, hirurehun urteko hautsak eta ohikeriak kendu zizkion Iñakik gainetik hogeita bost urtetan zehar, eliza eta elkarte hori biziberritzearren.
Berak, jakina, baztertu egingo zituzkeen nik gaur hemen egin dizkiodan laudorioak eta eskuak burura jasoko, apur bat eskandalizatuta, apur bat lotsaz, eta izkin egingo luke desagertzeko. Baina Iñakik itzaliko ez den itzala izan du, luzea, trinkoa, babeslea, artzain on bati, artzain onari dagokiona.
Itzal horren babesa izango dugu urteetan!