Edo terremotua, nahiago baduzue. Laster izango dugu hemen, Gipuzkoan; nire kalkuloen arabera denbora geologikoan begiak biltzeko behar dugunaren milaren batean, alegia, gizakion denboran hamabost bat urteren tartean; beraz, 2025a baino lehenago. Handia izango da, Richter eskalan 7 eta 8 ‘5 bitartekoa eta epizentroa Errezil-Nuarbe inguru horretan izango du. Ziurrenik, kostaldean hemen azken gizaldietan inoiz ezagutu ez den tsunamia sortuko du eta galerarik handienak, hain zuzen ere, kostaldean izango dira. Hamabost bat urteren bueltan, beraz. Kontu egin hondartzara joaten zareten egun horietan...
Ez da iseka, ez da broma, guztiok dakigu gauzak aldatzen ari direla gure mundu honetan gizakion demasia guztien eraginez –gehiegikeria demografikoa aurren-aurrenekoa–, baina bada aldaketa bat, oraingoz nik inon ez dudana aurkitu behar bezala ikertua, eta alferrik ahaleginduko zarete Internet-en, hau nire uztako teoria baita: gauza jakina da Ipar eta Hego Poloak urtzen ari direla; hobe esanda, ipar poloa urtzen ari da eta kontinente antartikoak gainean duen izotz masa ikaragarria galtzen. Horren ondorioz –behin eta berriro esaten ari zaizkigu–, ozeano guztietako itsas-maila jaso edo igo egingo da piskanaka, bolumen jakin bateraino. Gutxi hitz egiten zaigu, baina, ozeanoen bolumen maila igo eta poloetakoak jaisteak izango duen ondorioaz planetaren geomagnetismoan eta, horrenbestez, litosferan.
Barkatuko didazue zutabe labur honetan zehaztasun zientifiko gehiagorik ez azaltzea, labur beharrez; hain zuzen ere, Nature edo Science aldizkarikoen zain nago nire teoria hauek zabaltzeko, ingelesez, noski. Kontua da, gutxi gorabehera, azken milaka mendeetan gure planetako geruza tektonikoek planetaren geomagnetismoaren arabera mugimendu jakin bat izan dutela, eta mugimendu horiek, lurrikara eta beste fenomeno batzuen bitartez gaur egun ezagutzen dugun mundua itxuratu dute. Noski, glaziazio aroek eragina izan dute ere geomagnetismo eta geruzen mugimendu horietan.
Bada, ludia gehiegitxo berotzearen ondorioz ozeanoen bolumen gehiegizko horrek geomagnetismoan eta beste indar batzuetan aldaketak eragingo ditu eta, ziurrenik, geruza tektonikoen mugimendua aldaraziko eta, zenbait une geologikoetan, bizkortuko. Horren ondorioz, erraz gerta liteke lehenago lurrikara ugari zegoen tokietan akats geologikoak leuntzea edo areagotzea, edo beste horrenbeste alderantziz. Milaka urte dira Euskal Herrian geruza tektonikoak ez duela akats larririk izan, baina hori oso denbora gutxian alda liteke, betazalak biltzeko behar dugun denboraren milaren batean, denbora geologikoan, noski.
Barka Delfos-eko Unibertsitatean egindako nire ikerketa hauen ondorioz asaldatu eta kezkatu bazaituztet. Egun lurrikara ekonomikoa dugu gainean, oraindik bere indarrik handiena hartu ez badu ere; bortxakeriaren lurrikarak badirudi indar handia galdu duela azken hilabeteetan; ustelkeriaren lurrikara txikiak –eta handiak– noiznahi bizi ditugu... Ni beste lurrikara baten zain nago azken urte luze hauetan, baina ez da iristen, eta beldur naiz jada ez ote den inoiz iritsiko. Euskal abertzaletasunaren lurrikara da hori!
Baina ez; datorkizuna ez da metaforikoa, erreal-erreala izango da. Barka, berriz, izua inon zabaldu baldin badut, egia esan ez nuen honi buruz idazteko asmorik, baina Stephen Hawking-ek azken boladan bizitza estralurtarrari buruz –betiko martzianoei buruz, alegia– egin dituen adierazpenek adorea eman didate nire iragarpentxo hau zuen artean zabaltzeko. Hawking-i bere buru matematikoak lagundu omen dio –agindu ia– ondorio horretara iristen. Estralurtarrak..., horiek baizik ez ditugu falta gure saltsa honen guztiaren erdian!
Nik ez dut buru matematikoa –nire espediente akademikoa lekuko–, nirea guztiz telurikoa da, haur nintzela aitaren seiscientosetik martxan erori eta hartu nuen kolpearen ondorioz. Hortik nire iragarpena.