Nik Elbira Zipitria, azkenekoz, 1979. urtean ikusi nuela uste dut, Fermin Calbeton kalean, bere etxeko atarian. Ez ninduen berehala ezagutu; izan ere, bere onetik aterata zetorren, ohiko zuen bere lekeitiarraz jantzita, bere buruarekin barren-hizketan eta haserre apalez. Ez ninduen berehala ezagutu, diot, ni ez ninduelako bere ikasle izan, berak Orixe ikastolan jardun zuen azken hiru urteetan ni bertan izan nintzen arren. Gure etxeko asko haren eskuetatik pasatakoak ziren Orixen, eta oso maite zuten andereño Elbira. Ikasle izan ez ginenontzat ere maitagarria zen, ile urdina mototsean bilduta beti, irribarre txiki egiati batekin eta haurrei begirune handiz hitz egiten, helduak balira bezala.
Haserre zetorren, Fermin Calbeton eta San Jeronimo kaleen bidegurutzeko kantoain –La Koxkera bakailao-dendan– gazte talde bat Boulevard aldean zeuden poliziei harri-jaurtika ari zitzaien, su eman zion zabor batzuei eta, jakina, poliziei botatako irainik arinenak euren amarekin zabar samar gogoratzea zekarren. Emakume zuzen bezain kristau ona zen Elbira, eta gauza haiek ez zetozen bat berak ikasi eta irakatsitako gizalegearekin. Gazte haiei errieta egin zien andereñoak, kontu hartu alegia, eta haiek bereak eta bi esan bide zizkioten, noski, eta horrekin zetorren asaldatuta. Ni Bilintx liburudendatik atera berritan jabetu nintzen egoeraz eta inguratu nintzaion, laguntzarik behar ote zuen, hobe zuela etxera igotzea, kaleko giroa gaiztotu aurretik. Nire arreba-anaien berri eman behar izan nion ezagut nitzan; orduan bai, betiko irribarre gozo hura eta sendikoei buruzko galdera; eta berriro laguntza eskaini nionean gogoratu zen gazte iraultzaile haiekin –zaborrontzi guztiak iraultzen ari baitziren– eta erabateko tristura etsia azaldu zuen begietan: “hau al da Euskadi askatu behar duen gaztedia? Hontarako egin al degu hainbeste urtez lan?”, edo antzeko zeozer esan zidan.
Elbira Zipitria hiru urte geroago hil zen, eta hau kontatu dizut azken urteetako gertaera horrek zirrara eragin zidalako, pentsatu bainuen orduan eta baita geroztik ere, baietz, hainbeste urteko bere ahalegina neurri handi batean galdutzat edo zapuztutzat jotzen zuela andereño Elbirak, egiazki. Bere jarduna Errepublika aurretik hasi zuen eta ez zuen eten Orixe ikastola utzi zuen arte. Jakina, Elbira Zipitriak, bizi zela, ez dut uste omenaldi handirik jaso zuenik. Eskerronik bai, ugari eta agian gorazarretxoren bat, baina inondik inora ez bere neurriko euskaltzale eta pedagogia-berritzaile batek merezi zuenik. Eta gauza horiek adin batetik aurrera garrantzi handikoak dira etsipenaren eta zaputzaldiaren zulo beltzean ez erortzeko.
Iaz egunkarietan ikusi nuenean Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman ziela Gipuzkoako ikastolen sorreran jardun zuten andereñoei benetan berriak poztu egin ninduen; bai erabaki egokia; bazen garaia! Egunkariek zekartzaten argazkiari begiratu eta, protokolo aldetik itsusikeriaren bat edo beste bazegoen arren, emakume haien artean ezagun nituenen bila hasi nintzen… Batzuk aurkitu nituen, besteak ez… Txalogarria iruditu zitzaidan omenaldia, emakume horien guztien ahaleginari justizia apur bat egin ziolakoan.
Aiurrin, ordea, tutik ez genuen esan omenaldi hari buruz eta ez ginen gogoratu ere egin Andoainen eta Urnietan ikastolen miraria –hau bai egiazko miraria!– egin zuten andereñoekin. Penagarria!… Horregatik kontatu dizuet Elbira Zipitriarena hain luze, andereño guztien biderakusle izan zenak bizitzan ezagutu ez zuen aintzatespena eta eskerrona, gazteago ziren andereño horiek guztiek lau haizeetara zabalduz egin dakien merezi dutelako. Andoaingo ikastolako sei andereño omendu zituzten –sei ikusi ditut eskerrikaskoandereño.com webgunean– eta bat Urnietakoa. Berrogeita bost urte ingurura doa zazpi emakume horiek ikastolen ataka zaila zabaldu eta bidean aurrera hasi zirenetik, XX. mendean euskalgintzak ezagutu duen gertakaririk garrantzitsuena gorpuztuz: ikastola. Mari Paz Artolazabal eta Marimi Ugalde Andoaingo Aita Larramendin, Maripi Sarasola Urnietako Egapen. Andoaingoan berehala etorriko ziren Itziar Arin, Mª Jesus Ugalde, Ana Jesus Altuna eta Amparo Etxarrain. Baita beste batzuk aurrerago Egapera ere.
Ikastola batek ala besteak egin diezaiekeen –edo egin dizkien– omenalditik areago, emakume horien egintza goraipatu eta eskertzea hiritar guztion eginbeharra da, andereñoek, andereño izateaz gain, beste hamaika lan eta ekintza egin behar izan baitzuten oso irabazi apala emango zien egitasmo ia ezinezko hura martxan jartzeko: nork ez ditu gogoan Iparragirreko antzerkiak –Mª Paz Artolazabal eta Itziar Arinekin, esate baterako–, kantaldiak edo urteroko saski-zozketak? Nork ez ditu gogoan Egapekoen tonbolak Sanmieletan? Eta, gero, zer lan-baldintzetan jarduteko? Andoainen bada andereñorik 14 urtetan Gizarte Segurantzan kotizatu ez zuenik… Eta nola ordaindu die herri honek lan hori guztia, sarri ahanzturaz eta erdipurdikeriaz, orain besterik ez aipatzeagatik, izan ez bada?
Eurak dira euskarari benetako hatsa eta indarra eman diotenak guztia galtzear zegoen garai zail, nahi eta ezinezko ilun batean. Barka bezate Aiurrikoen hutsegitea eta jakin bezate, garaiz, herri honetako egiazko euskaltzale eta abertzaleek zinez eskertzen eta aintzatesten dugula gurasoen laguntzarekin ikastolak sortzeko egin zuten ahalegina eta horren oihartzuna egingo dugula etorkizun hurbilean.