Aurrekoan Ama Kandida dohatsua izan nuen aipugai –urriaren 17an Done Kandida Berrozpekoa izango dugu–; gaur, berriz, San Pedro; apostoluen arteko apostolua. Baina, gaurkoan, bestelako arrazoiek ekar arazi didate jondoni Petri zutabe honetara. Andoaindar askok dakite lotura zaharra dutela San Pedro hagionimoak –santuaren izenak– eta Kaletxikik, urte askotan kale horrek santuaren izena izan baitzuen, gutxienez XVIII. mendetik 1980. urtera arte. Azken urte honetan, Udalak ofizialki Kaletxiki eman zion izena. Ofizialki esan dut, eta hor dago koxka, 1980. urtetik hona ofiziala Kaletxiki den bezalaxe, ordura arte, gutxienez XVIII. mendetik, ofiziala San Pedro izan zen, baina alde txiki batekin: San Pedro izena paperetan eta giro ofizialetan erabilitako izena zen. Herritarrek, gutxienez XVII. mendetik, kaleari Kaletxiki deitzen zioten beti, salbuespenak salbuespen, ezen beti izan baita santuekin eta gauza ofizialekin txukun, zuzen eta jator jokatu duen herritarrik, eta orain 20 urte bazen oraindik kaleari San Pedro deitzen zionik, baina gutxik oso.
XVII. mendean Kaletxiki eta Kaleaundi ziren, baita azken hau Kale Nagusia ere, eta, beraz, Andoainen barrena Donejakue- eta Errege-bideak egiten zuen zeharraldian ezker-eskuin eraiki zen hirigunea bi zatitan sortu zela esan liteke: Berrozpetik gora zati bat eta, bestea, Leizaurtik gora; bi zatiak bi dorretxe horien babesean. Lehenengoa labur eta txikiagoa zen; Kaletxiki, beraz. Bigarrena luzeago, handiago eta eguteraxeagoa; Kaleaundi edo, geroago, Kale Nagusia. Bi hirigune hauen artean orain Goikoplaza deitzen dugun muino hori, orduan belazea eta txaradia zena, txara-mendia edo txaradia, orduko agiriek dioten bezala. Bi hirigune horien artean, muinoaren buru-buruan, bi lekuko isil: bat, Iriarte etxea; horra nondik hartu zuen izena: iri + arte, bi hiriren, Kaletxiki eta Kaleaundiren, artean zegoelako.
Garai batean, hagionimo edo santuen izenak ikaragarri zabaldu ziren gure kale, mendi, eta bazterretan barrena, horiei zitzaien debozioa adina zabaldu ere, eta joera hori izugarri indartu zen XVI. mendean martxan jarririko kontraerreformaren eraginez. Hagionimo horiek bertako hamaika toponimo edo izen jator ezkutatu zuten, edo erdi-ezkutatu, batzuen batzuk, hala ere, gure garaietaraino bizirik iraun baitute. Hori ez da hutsik Andoainen edo Urnietan gertatu; hori Euskal Herri osoan eta, jakina, kristautasunaren eremu osoan gertatu zen. Euskal Herriko toki-izen edo toponimoek ia beti tokiari buruzko informazio jator eta fidagarria eskaintzen digute. Iriarte etxea aipatu dut; aipa dezadan bigarren lekukoa, Arrate etxea zena, eta pentsa bezate andoaindarrek nondik zetorkion etxe horri izena Iriarte etxearen aurrez aurre zuen kokapena ezagututa. Arraterekin jarraitzearren, bada beste bat Andoaindik kanpo, Ataunen, gaur egun gutxik ezagutzen duena: San Gregorio auzoko muinoa, izen bereko eliza kokaturik dagoen hori, ba ote daki jendeak muino eta auzo horren jatorrizko izena, elizaren hagionimoa hartu aurretik, Arratekale zela? Arrate, harrian ate… Eibarkoa bezalaxe...
Ataungo Arratekale bertako herritarren artean nahikoa galduta dagoelakoan nago, eta bertakoek santuaren izena auzoa deitzeko gogo onez hartu zutelakoan. Kaletxikirekin, ordea, ez zen halakorik gertatu. San Pedro izenak mendeetako sustraiak izan arren, luze eta indartsuagoak ziren Kaletxikirenak, eta bertakoek azken izen honi jondoni Petrirenarekin gogoratu gabe heltzen zioten. Horren lekukotasun aski garbia kaletxikitar peto batek kontatu zidan gertakari edo ateraldia, ateralditik gehiago duena gertakaritik baino.
Orain berrogei bat urte pasatxo, Kaletxikiko neska-mutiko lagunartea kalean zebilen jolasean, orduan kalean egiten ziren hamaika jolas haietakoren batekin atzera eta aurrera. Haur ziren oraindik, zaharrena neska koskortu bat, haiek denak gutxi-gorabehera gobernatzen zituena; eman dezagun Rosario zuela izena. Badabiltza haurrak jolasean eta horran non, kalean behera, Goikoplazatik kotxe bat datorren familia batekin zamaturik. Berrozpeko plaza pare horretara iritsi direnean, motel zetorren kotxea gelditu eta gidariak, familiaburua bera, haurrengana galdera zuzendu du, gazteleraz: ¡Por favor, chavales!: ¿la calle San Pedro?
Haurrak tropelean kotxera inguratu ziren, Rosario buru, honek bi eskuak gerri parean ezker-eskuin aldakei loturik, heldu zion hizpideari: ¿Cómo?
- Sí, –erantzun arrotzak– la calle San Pedro por favor, dónde es?
Rosariok, eskua kokotzera eramanda segundu eskas batzuetan hausnar egin zuen, berehala duda-mudarik azaldu gabe erantzuteko: sí, la calle San Pedro es al otro lado del pueblo, ¡por Sorabilla! Eta arrotzaren eskerrik itxaron gabe ere berriro jarri zituen jolasean haur guztiak, oihu eta algara batean. Haien artean mutiko bat, Rosario baino urte gutxi gazteagoa, neskari hurbildu zitzaion apal-apal esateko: Aizu Rosario, ¿baina kale hau ez al da ba San Pedro ere?
- Ixildu hadi mokolua, hau Kaletxiki dek! Hik ze jakingo dek ba!