Urte bete pasatxo egin dut Aiurriko zutabe honetatik urruti, orain aste pare bat Munillarekin, Jesusen Bihotz Santuarekin eta Ama Kandidarekin bueltaka hasi nintzen arte. Isiltasun luze samar horren ostean apur bat beharturik itzuli naiz, ni falta izan naizen urte bete horretan eta dezentez aurretik ere Aiurriko zutabe honetan, Aiurri osoan eta Iñistorra Biltzarrean gogotik lan egin duen Joxeba Lizeagak atseden piska bat behar zuelako, txanda ematea… Gogotik lan egin izanak zera esan nahi du: gogoz egin duela lan, baina neurriz gainezka egin behar izan duela, gogoa dezente zapuztu zaion arte. Eta baldintza kaskarretan denbora luzean, gogoa baino umorea itzaltzeraino. Ez gaitu utzi –horixe baizik ez genuen behar!– baina erritmoa jaitsi eta ardura batzuk baztertu egin ditu.
Ni ez naiz itzuli haren lanak nere gain hartzera –bada ezpada ere diot hori!–, hura zirikatzera baizik, bere zutabea atsegin handiz irakurtzen zuen urnietar asko –eta baita bestetarrik ere!– baitago. Zutabeaz gain Aiurriko edukiak lantzen egin duen lana funtsezkoa izan da guretzat. Esker txarreko izan gara berarekin ordea, baina esker txarreko ezinbestez. Ondorioz, puska batean nire erretolikak argitaraturik ikusi beste emaitzik ez duzue izango, kolaboratzaile iritzi-emaile berririk topatu bitartean; batere erraza ez dena, bide batez esateko… Joxebaren etxeko bide bazterrean ez al dugu jarri beharko Mari edo lamiak bezalatsu adatsak orrazten eta kantari lehen adina jaramon egin diezagun…; etxekoen kalterik gabe, jakina!
Joan zaigun 2009. urtea diru aldetik nahikoa penagarria izan da Aiurrirentzat, eta urtea bukatu eta 2010 urte hau hasi ahal izan badugu, bertan Joxebak eta Aritz Gorritik Urnietan egin duten lanari esker izan da. Orain biak falta zaizkigu. Ekonomikoki urte txarra izan dela diot publizitatea jaitsi delako, harpidetzak ez direlako igo –Urnietan 200 bat besterik ez da– eta ez dugulako behar besteko dirusarrerarik lortzen kazetariei lan-kontratu duin bat egiteko. Eta astero-astero kalean 12 edo 16 orrialdeko astekaria jartzea ez da lan-baldintza egokirik gabe egin litekeen gauza.
“Pobrearen patrikak beti bi zulo” dio esaera zaharrak eta esaera hori Iñistorran edo Aiurrin goiburutzat hartu beharko dugu, gozo ez zetorren urtean gure egoitzan ordenagailuak behin lapurtzea nonbait nahikoa ez eta duela astebete eskas bigarrenez lapurtu digutelako, alarma jo eta jo hasi arren, ateko sarraila txikitu, sartu eta ordenagailua aidean eramanda. Susmoa dugu lapurra ez genuela urrutikoa, ongi hurbilekoa baizik; hauxe garbi diot ez ditzagun bila lapurrak, maiz egin ohi bezala, urrutiko auzokoen etxean. Kontu egin diezaiola iturrira sarritxo datorren Bartolo horrek bere pegarrari!
“Gogoko aldapan nekerik ez”, dio beste esaera batek, baina ez dakit oraintxe gogoak ere ez ote digun huts egingo laster urnietarrengandik bestelako erantzunik jasotzen hasten ez baldin bagara. Urnietarra kontuak eskatzeko ez da atzean gelditzen: “Unanue, aste honetan ez diat Aiurririk jaso etxian, etziatek buzoian uzten” entzun eta “lasai, beiratuko deu ze ote dan” erantzutearekin bateratsu segidan neronek pentsatu izan dut: “baina honek xoxik ematen ote digu? Xoxik ez!”. Amorragarriago da jakitea udal zinegotzi diren edo izan diren batzuek diotena guk jasotako dirulaguntza izugarriaz. Hemen izutzekoa den bakarra da gure bizkar astero hartzen dugun lana eta gastua Aiurriren 2200 ale Urnietan banatzeko. Eta handia, bide batez, Diario Vascoko webgunean eta antzekoetan Iñistor jaiari San Iñistorra y Santa Txoznas deituz gisa horretakoak botatzen dituenaren lotsagabekeria, zeozer arina esateagatik, aitortu behar dudan arren nahikoa barre egin genuela ateraldiaren berri izan genuenean.
“Unanue hau beti negarrez” esango du hainbatek; baina ez, ez horren beldurrik izan, hainbeste etxekalteren artean kontrako joera hartzekoa bainaiz eta botila erdi hutsik edo erdi beteta ikusi beharrean, erdia betetzeko ikusten baitut halakoetan. Beraz, kalean izango gaituzue aurrerantzean ere, Aiurrirekin edo Aiurririk gabe, eta urrats berririk eman behar badugu eta euskalgintzatik edo kulturgintzatik areago joan, bada areago egingo dugu, etxekalteak lehenago ere dezente genituen-eta.
Beraz, hemen naiz berriro, bolada batez askok batere gogoko ez dituzten zutabe luze hauek idazten, erdizka Andoainen erdizka Urnietan, eta gure herri hauetako eta mundu honetako hainbat gaiei aztarrika egiten. Datorren asterarte!