Ama Kandida Berrozpekoa oso maitea dute kaletxikitarrek. Ez dakit hainbeste duten maite kristautasunean eta karitatean eredu dutelako edo, besterik gabe, auzokoa dutelako, munduan barrena kongregazio ahaltsua sortu eta indartu zuena. Denetarik izango da, noski. Laster Ama Kandida Berrozpekoa done edo santa izango da, Done Kandida Berrozpekoa edo Santa Kandida, nahi duzuen bezala. Pentsatzekoa da zoratzen egongo direla albiste horrekin Andoaingo eliztarrak eta, bereziki, Kaletxikikoak eta, nola ez ba, Jesusen Alaben Kongregazioko Berrozpeko Kristau Elkartea. Ez da gutxiagorako: erlijio ordena batentzat ez dago aintzatespen eta ohore handiagorik Vaticanoak bere sortzailea santuen aldarera igotzea baino. Azken berriek diotenez badirudi done edo santa izendatzeko eguna atzeratzen ari dela, baina ziurtzat jotzen da hilabete gutxi barru Gipuzkoak bere bigarren santua izango duela, izan ere andoaindarra.
Kontuak gaizki atera ez baditut Loiolako Done Inazioz gain ez genuen Gipuzkoan beste santurik; beraz, Berrozpekoa Gipuzkoan dugun bigarren santua izango da. Pozten naiz benetan Jesusen Alaben Kongregazioagatik, ez baita gutxi santutasun hori lortzeko bidean gogotik egin behar izan duten lana. Pozten naiz kaletxikitarrengatik, beren nortasunaren adierazgarri bai baita Ama Kandidak bere bizitza osoan zehar azaldu zuen nortasun eta borondate irmoa. Andoaingo eliztar katolikoentzat fedearen ikuspegitik gertakaria oso garrantzitsua izanik ere, nik, orain, fede kontuak Erromako Elizaren doktoreentzat utzi, eta mundu honetan garrantzi handia duen beste kontu batera etorriko naiz: ekonomiara, ez baita ahaztu behar gisa honetako izendapen batek ondorio ekonomiko handirik izan dezakeela herri baten bizitzan.
Kontu hauek direla-eta galdera batzuk egin dizkiot nire buruari, beti ere ahaztu gabe agian asko izan litezkeela baita ere Ama Kandidaren santutasuna bots piper ajola zaien andoaindarrak, baita erlijio agerpen horien kontra leudekeenak ere. Baina, nolanahi ere, ezin diogu gertakariari duen garrantzia kendu eta egin ditzadan, bada, galdera horiek:
Pentsatzekoa da, lehenik, Andoaingo Udalean sustapen ekonomikoaz eta turismoaz arduratzen den lansailak ongi aztertuta edukiko duela Berrozpeko Done Kandidaren izendapenak herrian izan dezakeen eragin ekonomikoa edo, hobe esanda, eragin ekonomiko hori nola erakarri eta suspertu. Gutxiago ala gehiago, ez dago munduan santurik duen jaioterririk bere alaba edo semearen santutasunaz materialki eta ekonomikoki probetxurik atera ez duenik. Gutxiago izango al da Andoain? Halako egitasmo edo planik balego, ongi gordeta behar du izan, inortxok ez baitu ezagutzen eta, apurka-apurka komeniko litzateke horren berri izatea. Esate baterako, aztertu al da zeintzuk izan ziren Ama Kandidaren egintzak Andoainen bertan, non kokatu ziren eta horiek bisitariei ezagutzera emateko aukerarik izango ote den? Ba al da bisitariek ezagutu beharreko mitorik mundu osoan barrena bere kongregazioa zabaldu zuen gure Kandidaren gainean? Hirigintza alorrean ba al da proiekturik Berrozpe ingurua oinezkoen gune bihurtu eta etxeari arnas berririk emateko?
Ama Kandida done edo santa Erroman izendatuko du Benedikto XVI.ak, eta gauza jakina da Berrozpekoak, kaletxikitar eta andoaindar asko bertan izango direla ospakizunean. Bertan izango al da Andoaingo Udalaren ordezkaritzarik? Ez da galdera erretorikoa, gauza jakina baita Andoaingo alkate Estanis Amutxastegi ez dela eliza katolikoaren ospakizunetara joaten, sinistuna ez denez. Nire iritziz gauza bat da Udalaren laikotasuna edo Udala edozein fede edo erlijio sinesmenetik guztiz kanpo izatea eta, bestea, Udalaren ordezkari gorenak herrian indarrik duen –gutxi edo asko– erlijio erakunde batenganako begirunez jokatzea. Baina, tira, alkateak ez badu hori beregain hartu nahi, hori bere askatasuna da. Neurri batean, behinik behin, enborreko ezpala da horretan alkatea, bere aita zena, Joxe Mari Amutxastegi Arantzabal, gizon fededuna eta meza entzuten zuena izan arren, oso kritikoa izan baitzen beti bere garaiko Eliza katolikoarekin. Beste andoaindar peto-peto bati ezagun zitzaion umoreaz inoiz halaxe esan omen zion: “Nik etzakit, gizona, ez ote naizen zuzenian inpernura joango, parrokira sartzen naizenian kriston berotasuna sumatzen baitit hankazpitan!”.
Beraz, alkateak bere buruarekin kontsekuente izan eta ez Erromara bidaiatu, ez Andoainen Munilla gotzain berriarekin izango diren ospakizunetan parte hartu, halakorik egin nahi ez badu, udalbatza osatzen duten zinegotzien artean sinestunen bat edo batzuk izendatu beharko ditu –halakorik baldin badago behintzat– ordezkaritza hori egin dezaten, fedez eta legez, horixe bailitzateke zentzuzko ondorioa...
Galdera batzuk besterik ez, uskeriak santa berriaren etorrera girotzen hasi eta zalantzak argibidean jartzeko.