Zurrumurrua dabil Munilla gotzain berria Urnietara datorrela, Gipuzkoan barrena egingo duen lehenengo ikustaldia Urnietakoa izango dela alegia, gurera etorriko dela Urnietako mirariaz pixkanaka-pixkanaka ezagutzen ari dena hurbiletik ikusteko asmoz. Eta hori ikustera ez du elizara joko, orain urte gutxi hain irizpide egokiz zaharberritua, ezta Santa Leokadia edo Azkortera ere. Sinesteak lanik ematen duen arren Urnietako miraria udaletxean ari da gertatzen azken hogeita hamar urte hauetan, bertatik pasa diren alkate eta zinegotzi guztien –kolore guztietakoak, gainera– begien bistan.
XIX. mendearen amaieran, oro har Euskal Herriko nekazari giroko herriak eta, bereziki, Urnieta, oso herri elizkoiak ziren, ustez fede handikoak, eta politikoki kontserbadoreak eta baita atzerakoiak ere. Maiz fede eta sinesmen kontuan gertatu ohi denez, fede katoliko horren agerpidea ez zen sarri izaten ebanjelioaren erakutsiak hitzetik ekintzetara eguneroko bizimoduan eramatea, fede katolikoaren ikono batzuekiko –santuen irudiak, Ama Birjinarenak, Jesusen bihotzekikoak…– debozioa baizik: errazagoa –eta merkeagoa– gertatu izan baita fedearen aginduak eta ebanjelioaren erakutsiak betetzea baino fede horren irudiekiko suhar azalduz fedearekikoak betetzat ematea.
XIX. mende amaieran eta XX. mendearen lehen laurdenean elizaren botere ahalguztiduna murrizteko ahaleginean zetozen haize berritzaileei, gizarteko zati atzerakoeinak –zer esanik ez elizakoak eta ordena erlijioso hainbatetakoek– erantzuna berehalakoan ematen zien, ahal zuen leku guztietan. Erantzun horietako bat, esate baterako, Jesusen Bihotz Santuaren irudiak tronuratzea izaten zen, oso bereziki egiten zena elizarenak ez ziren herri erakundeetan, alegia, udaletxe, erruki-etxe eta gisakoetan. Jesusen Bihotz Santuaren irudiak ipintze horrek eliza indartu, elizaren kontra edo fedearen kontra egiten zuten guztiak uxatu, bide onean jarri edo batek daki zer egingo zuelakoan… Tronuratze ekitaldi horiek ospakizun eta hotsandiz antolatu ohi ziren, agintari eta herritar guztiak deituz irudia elizatik zegokion egonleku berrira segizioan eramateko. Ikus zedila nor zegoen elizaren alde eta nor ez; garbi gera zedila nor zetorren bat elizaren aginduekin eta nor ez. Jakina, beste garai batzuk ziren.
Gipuzkoako herri guztietan edo gehien-gehienetan egin bide ziren tronuratze horiek; gurean bai behintzat: bai Andoainen bai Urnietan ere. Inork ez zuen orduan zalantzan jartzen gure gizartean elizak zuenik aginte-makil nagusia; zorionez, garai horiek eta nagusikeria horiek aspaldi joan ziren. Gure gizartea dezente aldatu da joan den mende honetan eta eliza, gutxiago, baina aldatu egin da ere. Andoaingo udaletxean urte askotan egon zen Jesusen Bihotz Santuaren irudia batzarraldi areto nagusian; han, goititurik zinegotzi eta alkate guztien lanak eta erabakiak zaintzen zituen. Urnietako udaletxean, beste horrenbeste. Andoaingo udaletxean, 1979. urteko Udal hauteskundeez gero Udalbatza berriak Jesusen irudi hori kendu egin zuen, ordurako garbi baitzegoen herri erakundeen izaera laikoa zela eta Estatua konfesioz kanpokoa, eta, beraz, erlijio kontuek udaletxetik kanpo behar zutela gelditu…
Geroztik, Jesusen Bihotz Santuaren irudia Udal agiritegian dago, elizaren esku jarri edo herriko historiaren museotxoren bat egin zain-edo. Ez dut uste Andoaingo sinistun katolikoek haren falta asko somatu dutenik, irudiei otoitz egiteko nahikoak dituzte-eta bestela ere San Martin elizan bertan. Eta horrek ez du eragotzi, inoiz, ospakizun berezietan, Udalbatza elizara azaldu izana, bere begirunea erakutsiz bertan biltzen den herritar fededun katoliko ugariri, beste edozein konfesiotakoari ager diezaiokeen moduan. Baina moko egiteko nork bere kabian…
Urnietan ez da halakorik gertatu. Urnietakoak berezitasunen bat behar du izan, berezitasun miragarriren bat, bere horretan jarraitzen baitu ehun urte geroago, udaletxeko batzarraldi aretoan, paretean goititurik, zinegotzi eta alkate guztien esanak eta erabakiak zainduz eta –batek daki– gidatuz. Nonbait EAJak izan dituen alkate eta zinegotzien artetik inork ez du beharrezkotzat jo irudi hori Elizari ematea edo, besterik gabe, gordetzea. Harrigarriago oraindik urteak daramatzaten sozialisten aldetik edo ezker abeltzalekoen aldetik inork halakorik eskatu ez izana edo Udalaren laikotasuna eta aniztasuna ez aldarrikatzea… Eta zer esanik ez oraingo alkate Mikel Izagirre, UDAko ordezkari izateaz gain Ezker Batuarena ere badena Batzar Nagusietan… PP-koak isilik egotea, tira! EAJko hainbat ere, en fin…!
Diodana: miraritxo bat, guztiak orain ehun urteko begirada beraren pean jartzen gaituena. Ez da ba harritzekoa atzerakoi samar omen den Munilla gotzainak Urnietara bueltaxka egin nahi izatea, bere begiez egiazta dezan gure miraritxoa. Bien bitartean ez al du inork kenduko? Ez dut uste ehun urteren buruan inor ausartuko denik eta…, batek daki, agian turismoa ere erakar lezake Urnietara!