1994ko martxoaren 24an, orain hamabost urte, eman genuen argitara Beterri-Aiztondoko Aiurri aldizkariaren zero zenbakia –huts zenbakia zuzenduko lidake orain gutxi utzi gaituen eta hamabost urte hauetan lankide leial izan genuen Bixente Olanok–, urte bete pasa lehenago eredu gisa edo gure asmoen erakusgarri nahi genuen –1 zenbakia argitaratu ondorenean. Lehenengo zero zenbaki hori argitaratzeko aurretik hilabeteetako lana egon zen, hamaika bilera alderdi politikoekin eskualde mailan, hamaika bilera egitasmoa definitzeko, eta ezezko ugari, ez zegoela guk eskatzen genuen neurrian udalek diruz laguntzerik, Beterri-Aiztondoko eskualde hori ez zela naturala –halako astakeria historikoak entzun baikenituen–, porrot egingo genuela…
Gure mezua garbia zen: euskalgintza landu gutxienez eskualde mailan landu behar genuen, horrek ez baitzion eragozten –eta ez dio– herri mailan egin beharreko funtsezko lanari; are gehiago, indartu egin zezakeen eta piztu une haietan nahikoa kemen ez zuten herrietan egin beharrekoa.
Euskalgintza haren abiapuntu eta erreferentzia garaikide bezala herritar guztien zerbitzura jardun zezakeen ekimena bultza nahi genuen: herrien berri emango zuen aldizkaria: Aiurri aldizkaria, hain zuzen ere. Izenak berak ere hori adierazten zuen, herritar gehienek ezagutzen ez zuten arren: nortasun bizia, izaera arduratsu eta ekintzailea, jenioa…, hori baita aiurria; eta hori baita euskalgintzak duen premiarik handiena.
Eta hamabost urtez aurrera egin dugu. 1993ko abenduaren 23an, Amasa-Villabonako Udaletxeko mahai-nagusiaren inguruan, Eduardo Laborde, Julen Arrastoa, Asintxio Iturbe, Jabier Zabala eta Antton Amunarriz eskualdeko alkateek eta neronek sinatu genuen hitzarmenak –Mª Pilar Collantes Andoaingo alkateak aurretik sinaturik utzi zuen– elkarlanaren bidean jotzeko borondatea adierazi zuen eta helburu bat ipini zuen: hilabetekari gisa hasi zen aldizkaria astekari bihurtzea denboraren poderioz...
Eragin itzela izan du Aiurrik eskualdean hamabost urte hauetan, eta horren frogarik garbiena da, berehala harpidetza-saria kobratzen hasi ginen arren eskualde osoko 1500 etxeetan ongi etorria egin zigutela eta, geroztik, eutsi egin diogula harpidedun kopuru horri, eta horren arrazoi nagusia landu dugun hurbiltasuneko informazio eredua izan da. Ongi gogoan dugu, hasieran, asko zirela, esate baterako, andoaindar gazteak Larraul herria non zegoen oso garbi ez zekitenak. Hamabost urte hauetan, dagoeneko, bi izan dira jatorri andoaindarreko alkateak Larraulen, ez aipatzeagatik beste herrien artean egon den elkar-migrazio orekatuagoa. Ezinbesteko tresna izan da Aiurri Beterri-Aiztondo eskualdea trinkoagoa egiteko, besteak beste Beterri toponimoa berreskuratzen aitzindari nagusia izateaz gain. Gisa honetara, Aiurrik ekarri dituen onuren zerrenda luzea egin genezake.
Baina itzalak ere izan dira, eta ez nolanahikoak. Ospakizuna, ordea, ez dut mikaztuko horien aipamena eginez. Astekari bihurtzeko jaio zen Aiurri Beterri-Aiztondon, horri generitzolako, jada orain hamabost urte, gure eskualdeko euskal gizartearen bizi-ohitura modernoei egokien erantzun behar ziona, gaur egun ez baita denbora askorik izaten astean zehar egunero patxadaz egunkaririk irakurtzeko, gizasemeek aurreko garaietan ohitura zuten legez. Eta astekaria, Aiztondon behinik behin, erdibidean gelditu zaigu, eta hori dugu, hamaboskarren honetan, pena bakarra.
Baina lorturikoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ezta gutxiagorik ere, Beterri-Aiztondoko etxe askotan oraindik ere euskaraz irakurtzen den prentsa bakarra Aiurri delako eta hala izan delako hamabost urtez.
Hori guztia hainbati esker egin dugu: lehen-lehenik irakurle zintzo eta harpidedun zaitugun horri; zu izan zara gure zutoin ea euskarri nagusia, gure indarren neurgailu. Zuri adina irakurle –eta baita gehiago ere– irakurle izateaz gain publizitatea hamabost urtez –15!– egin diguzuen dendari eta merkatariei, zuen ahalegina bai dela eskertzekoa, gu bezain kili-kolo baitzabiltzate aurrera atera nahi eta ezinaren aldarte honetan! Eta mila esker, nola ez ba, eskualdeko Udalei, Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo Udalei, gure gorabeherak tartean ahalegin itzela egin duzuelako 15 urte hauetan gure esku herrien dirulaguntza ipiniz. Amaitzeko, aulki honen laugarren hanka izan diren erakunde nagusiei: Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari: zuen dirulaguntza eta babesa ez da izan, ez, hutsaren hurrena. Mila esker guztiei.
Bizi bedi beste horrenbeste urtez, eta bizi bedi zuekin.